2020ari gainbegiratua

Pandemia aurreko azken ospakizun eta mobilizazio jendetsuak izan genituen otsailean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 28a, 09:36

Covid19-ak guztion bizimodua hankaz gora jarri aurretik, azken Inauteri Festa ospatu zen, erraustegia geratzeko azken manifestazio jendetsua egin zen edota ospatu ezin izan ziren jaien antolaketa lanak abiatu ziren otsailean. Bidean zetorkiguna jakin gabe.

Covid19-ak eragindako pandemiak geure ordura arteko bizimodua iraultzeko hilabete falta zela, koronabirusa pixkanaka gure artera gerturatzen zihoala, herri honen etorkizuna eraikitzen segi zuen Usurbilek otsailean. Hilabete hartako lehen aldizkariko azalean, euskaraz bizi nahi zuen herri argazkia argitaratu genuen; azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko zen Euskaraldiko bigarren edizioan parte hartzeko konpromisoa adierazi zuten entitateetako ordezkariena. Gainerakoak ere gauza bera egitera animatzen zituzten.

Zaldibar eta Zubieta bateratu zituen manifestazioa
Kerik gabeko etorkizunaren alde, "osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" aldarripean Larreko Mahaiko eragile ekologiko, sozial eta sindikal anitzek deituta milaka lagun bildu zituen manifestazioa egin zen Donostian otsailaren 29an. Ofizialki "probaldian" egon arren azaroa amaieratik noiznahi kea zerion erraustegia geratzea eskatu zuten. Pandemia aurreko azken manifestazio jendetsuaren prestaketa eta atxikimenduen berri ematen joan ginen hilabetean zehar. Aztarrika gazte asanbladak ekimen zikloa antolatu zuen; tartean, aire garbia arnastearen aldeko "performanzea" inauterietan, Ernaik mobilizazio eguna... "Kontuz, ama naiz!" dinamika ere abiatu zuen ama talde batek.

Zaldibarko zabortegian izandako hondamendia gertatu berritan zetorren manifestazioa; Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta Usurbilen eta Gipuzkoako hainbat txokoetan "Zaldibar argitu, erraustegia gelditu" elkarretaratze jendetsuak egin ziren. Hilabete amaierako manifestazioak ere bi aldarriok batu zituen Donostiako kaleetan.

Zabortegi haren eta Zubietako erraustegiaren artean zeuden paralelotasunak salatu zituen GuraSOSek aste haietan egin zuen agerraldietako batean. Beste prentsaurreko batean, ekimen judizial eta administratibo berriak aurkeztearekin batera, kontratua ez betetzeagatik erraustegiaren eraikitzaileek aurre egin beharreko milioi eurotako zorra salatu zuten. Eta testuinguru horretan Usurbilgo Udalak, ohitura aldaketa txiki batekin hondakinak bestela kudeatzeak duen eraginkortasuna agerian utziz, Usurbil hondakinen %86 gaika biltzera heldu zela berri eman zuen.

Usurbil eraikitzen jarraitzeko 2023ra arteko lan-ildoak marraztu zituen baita udal gobernu taldeak. Lau urterako 130 erronkako Legealdi Programa aurkeztu zuen; lau urteko horretan, aurreikusi ezin zitekeen baina guztia hankaz gora jarriko zuen covid19aren ondorioak jaso ezin zuena noski.

Ospatu ezingo ziren jaien antolaketaren hasiera
Gerora ospatu ezingo zirela jakin gabe, Usurbilgo Txosna Batzorde berriaren izena eta izana aurkeztu zuten; aurrez eginiko parte hartze prozesuan babes gehien jaso zuen Xauxar izena jarri zioten bilguneari. Eta historikoki ezagutu ditugun moduan covid19ak ospatzea eragotziko zituen herriko jaien datak finkatu zituen otsailean lehen aldiz bildu zen eragile anitzetako ordezkariez osaturiko Jai Batzordeak.

Festa giroa aipatuta, azken ospakizun "masiboa" otsailaren 22an izan genuen Usurbilen; gerora debekatua izan dugun dantza gaitzat hartuta, dantza batean ospatu genuen Inauteri Festa.

Auzoen beharrak hizpide
Auzoen beharrak erdigunean zituzten hainbat hitzordu ere antolatu zituen Usurbilgo Udalak; aurreko hilabeteetan etorkizuneko txokoaldetarren Akerra bilgunerako lantzen joandako proiektua aurkeztu zuten; zubietarren nahiz kalezartarren beharrak jasotzeko bilera bana ere egin zuten.

Olatz eta Patxi Aranjuezera
Xua gurasoengandik bereizi ostean, Picassenteko espetxean ziren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Aranjuezeko kartzelara lekuz aldatu zituzten. Xuak eta senideek lehen aldiz eta heltzear zen pandemiagatik denboraldi luze batean azken aldiz bisitatu ahal izan zituzten Olatz eta Patxi Aranjuezen. Haiei eskainitakoa izan zen otsaileko Ibai Arrietaren "Herrira Begira" ataleko "Motxila bete maitasun" argazki bilduma.

Kirol albisteei dagokienean, Hondarribia eta Orio nagusitu ziren Oriaren Jaitsieran.

Otsaileko argitalpenak
Otsailaren 7a, 811. zenbakia
Otsailaren 14a, 812. zenbakia
Otsailaren 21a, 813. zenbakia
Otsailaren 28a, 814. zenbakia
Herrira Begira: "Motxila bete askatasun"