2020ari gainbegiratua

Birus ezezagun eta ikusezin batek etxean konfinatu gintuen martxoan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 28a, 09:35

Eta bizitza geratu zen. 2020ko martxoa ez dugu inoiz ahaztuko; ordura arte urrun samar ikusten genuen covid19a bat-batean ate joka genuen. Eta atea jotzerako, koronabirusak eta orduko hartan ia ezagutzen ez genuen birus hark agerian utzitako gabezia eta baliabide faltak konfinatu gintuzten martxoaren 14an Espainiako Gobernuaren aginduz. Geure ordura arteko bizimodua irauli zuen, orduan oraindik ia ezezaguna eta ikusezina zitzaigun birus batek.

Bezperatan nabari zen une latzak zetozela; ikastetxeak itxi ziren, bertan behera geratu ziren kirol nahiz kultur arloko hitzorduak. Ospatu zen azkena, Soinurbil Musika Astekoa izan zen; Elizako organoa Usurbila ekarri zutenetik bete zen mendeurreneko ospakizun ekitaldia hain zuzen.

Soinurbilen aurretik, Martxoaren 8rako urtebete lehenago Usurbilgo emakumeek kaleetan eginiko planto historiko eta jendetsuari segida emateko deia egina zuten. Erantzun itzela izan zuen deialdiak. Plazan elkartu eta herrian barrena mobilizatu ziren bigarren urtez jarraian, "antolatu indarrak, batu borroka feministara" aldarripean.

Zerbitzuak telematiko bilakatu zirenekoa
Konfinamendu aurreko azken hitzorduak izan ziren. Hortik aurrerakoak, kasu batzuetan atzeratu edota bertan behera geratu ziren: Emakumeen Etxearen aurkezpena, NOAUA!ren Laburbira, Usurbilgo Larrialdi Mahaiak erraustegiaren inguruan deitua zuen herri batzarra, herri kirol taldeen neurketak, programatuak zeuden erakusketak,...

Herria konfinatu zen; herri merkataritza eta ostalaritza itxita, soilik behar beharrezkoak ziren establezimenduak zabalik. Egokitzapenak garraio eta udal zerbitzuetan, baita osasun etxean ere; jendaurreko zerbitzuak etenda. Telematikoak izatera igaro ziren. Kaleak hutsik, isilik. Bizitza kaleetatik balkoietara igaro zen; gerora balkoietan jaiak, musika emanaldiak... egingo ziren. Ekimen irudimentsu haiek guztiak, iluntzeko 20:00etan geure osasuna zaintzen ari ziren guztiak omendu eta eskertzeko txalo zaparrada deialdiek abiarazi zituzten.

Aurrekaririk ez zuten neurriak hartu beharra
Udala hainbat herritar eta eragilerekin batera, aurrekaririk ez zuen egoera kudeatzeko ordura arte pentsaezinak ziren hainbat neurri hartu beharrean aurkitu zen. Konfinamendua iritsi bezperatan, hezkuntza, kirol eta kultur eragileekin, nahiz herriko ostalari eta merkatariekin bilera erronda, egoera aztertu eta zetorrenari aurre egiten hasteko. Herritarrak bolondres bilakarazi zituen babes sarea sortu zen konfinamendua martxan jarri berritan, botika edo oinarrizko erosketak behar zituzten herritarrei erosketak egiteko. Ordu gutxitan ehunetik gora lagunek izena eman juten elkartasun sare horretan.

Baliabide faltari aurre egin beharrean
Urgentziaz elikadura bermatzeko diru-laguntza berezien oinarriak onartu zituen Udalak, oinarrizko gairik gabe inor ez geratzeko. Lehen egun haietan saltokietan segituan amaitzen ziren hainbat produktu, langileek hornitze lan itzela egin behar izan zuten. Jada ohikoak zaizkigun lehen ilarak ikusi genituen hainbat saltoki atarietan. Besteetan, saltokietako mahaiak denda atarietara atera zituzten. Hasieran oraindik musuko gutxi ikusten ziren erosketak egiteko guneotan, agortuak baitzeuden. Orduan ez zen beharrezkoa jantzita eramatea.

Ospitaleetatik heltzen ziren berriak ez ziren hobeak. Langileak baliabide faltarik gabe aurre egin beharrean ziren aurrekaririk ez zuen osasun krisialdiari. Bertan lan egiten duten bi erizain elkarrizketatu zituen NOAUA!k; egoeraren larritasunaz ohartarazi gintuzten.

Isolamendua hausteko kultur leihoa
Eta sormenari leihoa zabaldu zitzaion, 24 ordu luze etxean sartuta bizitzen hasi eta bizi genuen egoeratik une batez zertxobait aldendu ahal izateko; sarean, "Sortuz, bakardadea isolatuz" herri ekimena abiarazi zuten ordura arte herriko plazan ikusi eta entzutera ohituak ginen Usurbilgo Artixtek.

Eta bat-batean inoiz ezagutu gabeko prebentzio neurri eta protokolo berriak covid19aren hedapena eteteko, baina baita aurrekaririk gabeko osasun krisialdi honetan, arreta psikologirako, indarkeria matxistari aurre egiteko... Koronabirusa zuten herritarren etxeetako hondakinak kudeatzeko protokolo berezia ere sortu zuen Udalak.


Martxoko argitalpenak
Martxoak 6, 815. zenbakia
Martxoak 13, 816. zenbakia
Martxoak 20, 817. zenbakia
Martxoak 27, 818. zenbakia
Herrira Begira: "Etxean"