Tomaxen abentura udatiarrekin gozatu ostean, "Bertsojasa" bihar

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 27a, 18:55

"Azken balea" emanaldia eskaini dute "Tomaxen abenturak" egitasmoko kideek igande honetan Sutegin, haur eta gaztetxoei zuzenduriko asteotako programazioaren baita. Hurrengo hitzordua astelehenean (abenduak 28), "Bertsojasa" 17:00etan Sutegin.

Neguko igande hotz eta haizetsuan heldu dira Sutegi uda giroz blaitu dituzte Sutegira joandakoak. "Tomaxen abentura" berriez gozatzeko aukera izan baitute kultur etxeko auditorioan eserlekua aurrez usurbilkultura.eus atarian erreserbatu zutenek; "Azken balea" emanaldiaz.

"Muxi eta Tomax hondartzara joan dira. Tomax jolasten ari den bitartean Muxik egunkarian azken euskal balea geratzen dela irakurriko du. Kostata baina Muxik Tomax konbentzituko du azken bale hori lagundu beharko dutela. Aitonaren baporea hartu eta Kanadara joango dira. Han plastiko eta kutsadurarengatik arriskuan dagoen azken balea salbatzen ahaleginduko dira. Umorea, magia, kantak eta jolasak zipriztindutako lana". Hortxe Sutegin plazaratu berri dutena igande arratsalde honetan, Usurbilgo Udalak haur eta gaztetxoei zuzenduta hainbat herri eragilerekin elkarlanean asteotarako antolatu duen zikloaren baitan.

"Bertsojasa"
Gaztetxoei zuzenduriko ekitaldi eskaintzan hurrengo hitzordua, astelehen honetan bertan, abenduaren 28an,  17:00etan Sutegin. Bertsozale Elkarteak eta Bota Punttubak antolaturiko "Bertsojasa", Haritz Mujika eta Maialen Akizu bertsolariekin. "Bat-bateko bertso saioak badu ezaugarri berezi bat: entzulearen parte-hartzea. Bertsolariak aurrean duen entzulearengan zerbait eragitea du helburu: harridura, poza, tristura, algara, gogoeta... Eta entzuleak bere begi, aurpegikera, txalo edo isiltasunarekin ematen dio feedback, bertsolariaren inprobisazio ariketan esku-hartuz. Beraz, zer gertatuko litzateke publikoa haur edo gaztetxoek osastuko balute? Bertso jasa, bat-bateko jolasa!". Emanaldirako sarrerak aurrez eskura zitezkeen usurbilkultura.eus atarian.