"Koloreetan bego" izenburu hau zeraman apirila amaierako NOAUA!ren azalak, egun batzuk lehenago zendu zen Jose Luis Zumetaren omenez. Une hartan ezin merezitako agurra eman, eta Mikel Laboa plazan berak sortutako frontoiko muralaren parean loreak eskainiz omendu zuen Usurbilgo Udalak. Egun haietan zabalik zeuden dendetan ere herritarrek eskaintza horretan parte hartzeko loreak jarri zituzten eskuragarri. Aurresku bat ere dantzatu zion lagun batek anonimoki.
Ezin merezitako agurra eman presentzialki, baina sare sozialetan Zumeta omentzeko mezu uholdea izan zen.
Ezin omenaldirik egin konfinamendu betean ginelako, ezta mobilizatu ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko tabernen epaia exekutatzen hasi zenean. Usurbili dagokionean, Aitzagako kontu korrontea enbargatu zuen. "1936ko gerraz geroztik eman den expolio ekonomiko eta politiko handiena da", ohartarazi eta salatu zuen Sortuk.
Balkoiak ere aldarrikapenerako baliatu ziren aste haietan; erraustegiagatik ere osasun krisialdian ginela salatzeko sirena hotsak entzuten hasi ginen.
Lantokien itxiera
Hasieran 15 egunerako izan zitekeen konfinamenduak luze joko zuela jabetu ginen apirilean. Covid19aren hedapenak goia jo zuen hilabetean murgildu ginen eta. Udaberriko oporrak behar zuten egun horien bueltan, lan mundua ere geratu zen, oinarrizko lantegi eta zerbitzuak baino ez ziren irekita mantendu. Etxean segitzen genuen konfinaturik. "Etxean" hala izena zuen Ibai Arrietak "Herrira Begira" atalerako argitaraturiko argazki bildumak. Herri giroa etxe giroan bilakatu zen garai hartan, etxeko balkoi eta leihoetako bizitza erretratatu zuen argazkilari usurbildarrak.
Etxe giroa usurbildar sortzaileek gozarazi ziguten, hilabete honen hasieratik konfinamendua amaitu artean; denetariko formatuetako saioak eskaini zituzten sarean Usurbilgo Artixtek, "Sortuz bakardadea isolatuz" zikloaren baitan.
Eta sarea baliatu zuen baita Euskaraldiak, urte amaierako bigarren edizioa girotzen hasteko apirileko bigarren hamabostaldirako prestatu zuen "Etxealditik Euskaraldira" zikloari esker. Egunero etxe giroan nahiz etxetik genituen hartuemanetan ahotan euskara hartzeko erronka ezberdinetan parte hartzea proposatzen ziguten antolatzaileek.
Elkartasun eta salaketa kanpaina gehiago ere egin ziren sare sozialetan; euskal kulturgintzak estreinakoz deitutako greba digitala; Usurbilgo sortzaileek bat egin zuten.
"Buletinaren" zain
Baliabide falta nabaria zuten osasun langileek. Lanbide Heziketakoak 3D biserak egiten hasi ziren laguntza behar larrian ziren profesionalontzat. Herritarrei begirako beste hainbat neurriren artean, Usurbilgo Udalak udal tasen eta prezioen ordainketa epea malgutasunez atzeratzea erabaki zuen.
Hilabete haren amaieran, goitik behera irakurtzen hasi ginen, Espainiako Gobernuak baimendu edo debekatzen zuena jasotzen zuen "buletina". Konfinamendua atzean uzten hasteko, lehen neurriak iragartzen hasi ziren; lantokiak zabalik berriz, asteazkenetako azokako postuak itzultzen hasi ziren Askatasuna plazara, obra publikoak berriz martxan.
Haurren egoera
Bi hilabeteetan ikastetxeetako jarduna etenda, etxetik erosketak egiteko ere atera ezinik izan ziren haurrak kaleratzen hastea baimendu zuten apirila amaieran. Usurbilgo Udalak zenbait eragilerekin elkarlanean, etxe giroan ospatu behar izan zen Haurren Egun berezia ospatu zuen Usurbilek. Etxeko txikienek erakutsitako jarrera eredugarria txalotu eta omendu nahi izan zuen ekimenak.
Martxoan bezala hilabete honetan ere beste hainbat hitzordu bertan behera geratu ziren; besteak beste, apirilaren 5erako deituak zeuden EAE-ko hauteskundeak, edota Usurbilgo Dantza Eguna. Orbeldik plazan ospatzeko antolatua zuen hitzordua etxetik bizitzeko deia egin zuen.
Apirileko argitalpenak
Apirilaren 3a, 819. zenbakia
Apirilaren 24a, 820. zenbakia
Apirilaren 30a, 821. zenbakia
Herrira Begira: "Etxean"