Zeharo berezia izan da igande honetan Orbeldi Dantza Taldeak Oiardo Kiroldegian plazaratu duen "Sokan Dantzan" emanaldia. Urte zail hau ahalik eta modurik gozoenean borobildu eta datorrenari itxaropentsu begiratzen laguntzeko herriari ohore egin dion saioa eskaini dute.
Baina ohorea Oiardo Kiroldegira joandakoena izan zen, eta txalo zaparrada batekin eskertu zuten herriko dantzarien ahalegina. Ez baitute urte erraza izan. Covid19ak eragindako osasun krisialdiak bete-betean baldintzatu du Orbeldikoen jarduna. Ia urte osoan ezin izan dute gustukoen duten dantza egin, plazaratu, partekatu edota irakatsi.
Ostalarien antzera bi etenaldiei aurre egin behar izan diete; lehenengoa bat-batean martxoko konfinamendu aginduaren bezperatan heldu zen. Ezin zuten jakin noiz arte. Tarte horretan, apirilean ospatzekoa zuten eta urtero moduan mimo handiz prestatzen ari ziren Dantza Eguna ere bertan behera utzi behar izan zuten. Kale giroan ospatzekoa zuten eguna une horretako testuingurura egokitu eta etxetik dantzan bizitzeko gonbita luzatu zuten halere.
Dantzari berriak taldera erakarri eta euren jarduna ezagutzera emateko plaza ezin garrantzitsuagoak izan ohi dira Orbeldiekontzat, uda parteko Usurbilgo nahiz auzoetako jaiak. Hauek ere amaitzear dugun urte honetan bertan behera geratu dira.
Ikastaroak etenda
Uda ostean iraila heldu zen, eta prebentzio neurri zorrotzak hartuta, izen ematea bideratu eta helduen nahiz haurren ikastaroak abiarazi zituzten udazken hasieran. Covid19 kasuen gorakadak tarteko eremu gorrian sartu eta egun batetik bestera, debekatu egin zituzten EAE-n, dantza taldeen entsegu saioak. Helduenek hilabete eskas iraun zuten, haurrei zuzendutako ikastaroek astebete baino ez. Gaur arte. Ordutik etenda dute jarduna Orbeldikoek.
Bitan baino ez ditugu ikusi ahal izan, ezohiko testuinguru honetako prebentzio neurri zorrotzetara egokitutako emanaldiak eskaintzen; musuko eta guzti dantzan. NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan bi emanaldi eskaini zituzten Korrontzikoekin azaroan. Eta igande honetan berriz ikusi ditugu, "Sokan Dantzan" Oiardo Kiroldegian. Taldeak berak sortutako dantza eta abestien bueltan, Usurbilgo txistulariak bidelagun, herriari ohore eginez. Ohore partekatua izan da halere.