2020ari gainbegiratua

Joan Mari Torrealdai eta Pako Alkorta agurtu genituen abuztuan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 29a, 10:06

Joan Mari Torrealdai eta Pako Alkorta agurtu behar izan genituen abuztuan. Pandemia hasi zenetik langabetu kopuruak goia jo zuela berri eman ziguten. Pandemia aipatuta, berriz ere osasun larrialdi egoerara itzuli ginen, jai girorik gabeko ezohiko hilabete hartan.

Urte gogorra izan da aurtengoa; pandemiak goitik behera irauli digun bizimoduaz gain, une zailotan hainbat herrikide agurtu behar izan ditugu. Apirilean Jose Luis Zumeta margolaria zendu zen. Uztailaren 31n Joan Mari Torrealdai, euskara eta euskal kulturaren aldeko langile nekaezina. 

Eta handik astebetera Pako Alkorta zendu zela jakin genuen. Bizitza eskaini zion eskupilotari, hainbat belaunaldietako herritarrek oroituko duten moduan. 

Biei agur ezin hunkigarriagoa eskaini zitzaien haien aldeko hileta elizkizunetan. Zoritxarrez, agurrerako ezin nahi beste jende bildu, bizi dugun osasun krisialdiagatik.

Osasun larrialdi egoeran berriz
Koronabirusari dagokionez, gerora helduko zitzaigun bigarren olatuaren hastapenak bizi izan genituen abuztuan; tantaka bada ere lehen kasuak antzeman zituen Osasun Sailak Usurbilen. Beste zonalde batzuetan berriz ere kasuak ugaritzen zihoazela ikusita, osasun larrialdi egoera aktibatu zuen berriz Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 17an.

Testuinguru honetan, abuztuaren 28an aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, oraindik argitzeke zegoen 2020-21 ikasturteari begirako plangintza; ikasturte hasiera mailakatua izatea erabaki, hartu beharreko prebentzio neurriak zehaztu eta hiru eskenatoki posible aurreikusi zituen. 

Jairik gabeko abuztua
Abuztuan ezagutu genuen bestalde, uztailean goia jo zuela martxoa hasi genuenetik etenik gabe gorantz egin zuen langabetu kopuruak; uztailean lanik gabeko 299 usurbildar zenbatu zituen Estatuko Enplegu Zerbitzuak Usurbilen. Martxoan 245 langabetu ziren.

Abuztuan ez zen beste urteetako jai girorik izan; Usurbilgoekin batera, Urdaiagakoak eta Atxegaldekoak ere bertan behera geratu ziren. Bai behintzat aurreko urteetan ezagutu izan ditugun moduan. Nahiz Xanistebanen antolatzaileek uztailean zehar antolaturiko Kultur Biran parte hartu zuten; Andatzan barrena egin zen ibilaldi neurtua antolatzen hain zuzen. Atxegaldeko Jai Batzordeak ere gauza bera egin zuen. Abuztuko azken astebururako festen egitaraua lotua zuten. Jaiak ospatu ezinik geratu ziren ordea. Azkenean, Kultur Biraren ereduari jarraiki, prebentzio neurrietara egokitutako zenbait ekitaldi ospatu ziren abuztuaren 29an.