2020ari gainbegiratua

Kultur Bira, jairik gabeko uztailerako alternatiba

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 29a, 10:17

Bertan behera geratu ziren udako festa eta ospakizunen aurrean, garai zailotarako alternatiba berri bat jaio zen Usurbilen, herri eragileen eta Udalaren eskutik; harrera bikaina izan eta osasun krisialdi betean ere prebentzio neurri zorrotzak beteta ekimenik egin daitezkeela erakutsi zuen Kultur Bira.

Pandemia egoeran izango ez bagina, parranda giro betean hasiko genuen 2020ko uztaila. Otsailean Jai Batzordeak eginiko lehen bileran datak ere finkatu zizkioten jaiei; uztailaren 1etik 5era ospatu behar genituen. Covid19ak eragindako pandemiak ordea festarako asmoak eta gogoa eten zituen.

Herri honek ordea une zailotan aurrera egiten eta alternatibak plazaratzen badakiela erakutsi du sarritan hilabeteotan; baita kulturgintzan ere. Jaiak 2019ra arte ezagutu genituen moduan ospatu ezingo zirela ikusita, herri eragile anitzen eta Udalaren elkarlanetik Kultur Bira jaio zen; uztailean zehar auzoz auzo, une hartako osasun krisialdiari lotutako prebentzio neurrietara egokituriko kultur eskaintza oparoa. Bi helbururekin; lehendik ere egoera prekarioa bizi eta covid19ak are gehiago kolpatu zuten sortzaileei euren jardunerako plaza bat eskaintzen jarraitzeko eta herritarrek kultur ekitaldi eskaintza erakargarria izateko.

Arrakastatsua izan zen zikloa; herri eragile ezberdinetako kideen auzolanari esker zorrotz bete ziren ekitaldietako prebentzio neurriak. Eta neurriok zorrotz bete zituzten baita bertaratu ziren herritarrek. Ekitaldiotan parte hartzeko izen emate modu berri bat jarri zuten martxan; usurbilkultura.eus ataria. Egun jada, ordaindu beharreko txartelak bertan erosi daitezke. Hasiera hartan doako ekitaldietarako izena doan eman zitekeen bertan. Antolakuntzak gero sarrerak esleitzen zituen izena emandako guztien artean.

Udako aisialdi ekintzak bertan behera
Pandemiaren bilakaerari dagokionean, kasu isolaturen bat edo beste izan genuen soilik. Herriren batzuetan izandako zenbait agerraldi tarteko ordea, haur eta gaztetxoen udalekuak bertan behera uztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak egun batetik bestera; tartean, lehen hamabostaldia osatu berri zuen eta prebentzio neurri zorrotzen artean (talde txikiak...) bideratzen ari ginen Usurbilgo Udajolas. Egun batetik bestera, goizetan kaleak eta parkeak hustu ziren berriz. Hilabete haietan hutsik izan ziren parkeak hizpide izan zituen baita, Ion Markel Saez de Urabain argazkilariak "Herrira Begira" ataleko irudi bilduman.

"Pandemiak, distopiak eta mundu berriak"
Usurbilgo Udalak bestalde, etxe bakoitzean launa musuko erabilgarri banatu zituen, konfinamendua hasi berritan osatu zen Herritarren Babes Sarearen bidez.

"Pandemiak, distopiak eta mundu berriak" izan zituen hizpide baita UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak antolaturiko UEU-ren uztaileko udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldietan. Aurten talde mugatu batentzat presentzialtasuna bermatu dute, gainerakoek zuzenean online jarraitu ahal izan zituzten jardunaldiok.

Albiste gehiago
Auzolanean berritutako elizako erlojua ere ikusgai jarri zuten Sutegin eta segidan, garabi baten laguntzaz kanpandorrera nola itzultzen zuten iruditan jaso genuen.

Hilabete amaierako azken ostiralean ongi etorria eman zioten oraindik Aranjuezeko espetxean ziren Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren alaba jaioberri Maddiri.

Usurbilgo gazte eragileek elkalanean landu eta konfinamenduan bideraturiko galdetegiko emaitza nagusiak aurkeztu zizkiguten uztailean; konfinamenduaren ondorioak eta etorkizuna zituen hizpide.

Maiatzeko Arkaitzerrekako isurketari lotutako nobedadeak; Fiskaltzak delitutzat jo zuen, eta GHK-k isuna jarri zion Ekondakini. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu zuen bestalde, GuraSOSen erregu helegitea.

Apirila hasieran ospatu behar ziren EAE-ko hauteskundeak uztailaren 12ra atzeratu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak. EHBildu nagusitu zen Usurbilen eta abstentzioak ia gehiengo osoa (%47,15) eskuratu zuen.

Uztaileko argitalpenak
Uztailaren 3a, 830. zenbakia
Uztailaren 10a, 831. zenbakia
Uztailaren 17a, 832. zenbakia
Uztailaren 24a, 833. zenbakia
Herrira Begira: "Parke hutsak"