2020ari gainbegiratua

Herri bizitza berpizteko ezohiko erabakiak, "normaltasun berrian" murgildu ginen ekainean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 29a, 10:23

"Deseskalatze" prozesua gainditu eta "normaltasun berrian" murgildu ginen hilabetean, herri bizitza neurri batean bada ere berreskuratzen hasi zen Usurbil. Ezohiko prebetzio neurriak aintzakotzat hartuta, kolpatutako sektoreak laguntzeko egitasmoak jarri zituzten martxan.

"Normaltasun berrira" izeneko testuinguru ezberdin batera igaro ginen ekainean, "deseskalatze" prozesuko urratsak azkar batean egin eta gero. Lehen itxialdia gainditu zuten ostalaritza guneek. Pandemia aurretik garai zaila bizi eta covid19ak kolpatu zuen herri merkataritza eta ostalaritza laguntzeko erosketa bonuen egitasmoa jarri zuen martxan sektoreak, Hurbilagok eta Udalak; "Gertuago" egitasmoaz ari gara; izen bereko atarian (gertuago.eus) oraindik hainbat bonu eskura ditzakezue. Denda bakoitzak salgai jarritako erosketa bonuak erosi eta bertako produktuak %20ko deskontuan etxeratu ditzakegu ekainaz geroztik %20ko deskontua Udalak bere gain hartua du. Sektorea laguntzeko pandemia hilabeteotan martxan jarritako beste lerroetako bat da honakoa.

Jendaurreko hainbat udal zerbitzu berreskuratu ere ziren; Sutegi udal liburutegia, edota Oiardo Kiroldegia esaterako. Prebentzio neurri zorrotzen artean hasi ziren bideratzen jendaurreko zerbitzuak. Hastear zen uda parteari begirako beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu zuten herri eragileek; jaiak bertan behera utzi eta une hartako ezohiko testuingurura egokituko zen Kultur Bira antolatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak foru funtsean aplikatu nahi zuen %20ko murrizketa ere hizpide izan genuen ekainean; eztabaidagaien artean izan zuten udal taldeek.

Kalean behar zuten arren espetxean isolatuak
Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak 11 urte bete zituzten espetxean, nahiz 2018tik baldintzapean aske behar zuten. Hilabete gogorrak ari ziren betetzen bai haiek baita haien senideak ere; covid19ak eragindako pandemia tarteko, bisitarik egin ezinik baitzeuden otsala amaieratik. Hilabeteak zeramatzan Xuak gurasoak besarkatu ezinik, Usurbildik ehunka kilometrora, Madrilgo Aranjuezko espetxean isolaturik. Mari Karmen Anza senidearen lekukotza bildu genuen.

Hilabeteotan ohikoa bilakatu zen moduan, hainbat ospakizun bertan behera utzi zituen baita koronabirusak ere; ikastetxeen ikasturte amaierako jaialdiak, Kalezarko San Joanak... Ibai Arrietak, hilabete haietan osatu zen Herritarren Babes Sarea iruditan erretratatu zuen.


Ekaineko argitalpenak
826. zenbakia, ekainaren 5a
827. zenbakia, ekainaren 12a
828. zenbakia, ekainaren 19a
829. zenbakia, ekainaren 26a
Herrira Begira: "Saretzen gaituen laguntza"