2020ari gainbegiratua

Covid19ari aurre egiten hasteko ezohiko neurriak, "etxealditik" irteten hasi ginen maiatzean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 29a, 10:46

Konfinamendua atzean utzi eta "deseskalatzen" hasi ginen maiatzean. Usurbilgo Udala zetorrenari aurre hartzen; ezohiko neurriak iragarri zituen. Kalean maiatzean hain sustraituak ditugun ospakizunetan murgildu ezinik, baina kalea ahal zen modu eta tamainan berreskuratzen hasi zen Usurbil. Hilabetea ordea, istripu larri batekin hasi genuen.

Zubietako Arkaitzerrekara begira abiatu genuen maiatza. Erreka inguruko bizilagunei esker jakin ahal izan zen, hilabeteotan hainbatetan aipatu den istripua. Erraustegitik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituen. Fiskaltzan salatu zuten gertaera Zubieta Lantzenek, Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Eguzkik.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lehenbizi erraustegiaren jardunak istripuan zerikusirik izan zuenik ukatu arren, ebidentzien aurrean baietz, zerikusia izan zuela aitortu beharrean aurkitu ziren. 

"Deseskalatzen"
Pandemiari dagokionez, etxealditik pixkanaka irteten hasi ginen; hasieran ordu zehatz batzuetan baino ez, kirola egin edota erosketak egiteko. Gerora, herritik atera gabe baina muga gutxiagorekin, Gipuzkoa barruko mugikortasuna baimenduko zuten gero... Eta bide horretan aforoak zehazten, dendak irekitzen, prebentzio neurriak zorrozten hainbat eremuetan: "deseskalatze" prozesu betean sartu ginen.

Eta tarte horretan, Usurbilgo Udalak konfinamendu osteko lehen agerraldia egin zuen; hain zuzen, covid19ak eragindako kalteei aurre egiteko neurri sorta zabala iragarri zuten modu bateratuan, egun batzuk lehenago historian lehen aldiz apirila amaierako osoko bilkurarako telematikoki bildu zen udalbatza osatzen duten hiru udal talde politikoek (EHBildu, EAJ eta PSE); tokiko merkataritza eta ostalaritza, gizarte eta kultur babesa jomugan zituztenak.

Sagardo Eguna, etxetik
Herriko sortzaileak izan genituen protagonista asteotan; bai "Sortuz, bakardadea isolatuz" zikloaren baitan parte hartu zutenak, eta baita pandemia nola eragiten ari zitzaien adierazteko NOAUA!k elkarrizketaturikoak ere.
 
Egun seinalatu hainbat izan ohi ditu maiatzak; Andatza Eguna, San Ixidro Eguna, Sagardo Eguna... Guztiak bertan behera geratu ziren. Bai behintzat ezagutu izan ditugun moduan. Hainbat eta hainbat herritarrek Sagardo Eguna ospatu, ospatu baitzuten, hilabete haietan eguneroko bizimodua bideratzen zen etxeko balkoietan hain zuzen. Askok atondu zuten etxe ataria, eta sagardoz blaitutako topa egin zuten etxetik irten gabe. Aipatzekoa, aste haietan Txaramunto inguruko Kale Nagusiko bizilagun hainbatek antolatu zuten Sagardo Egun partikularra.

San Ixidro ospatzerik ez zen izan; lehen sektoreko zenbait ekoizle elkarrizketatu genituen, pandemia nola eragiten ari zitzaien jasotzeko.

Maiatzeko argitalpenak
Maiatzak 8, 822. zenbakia
Maiatzak 15, 823. zenbakia
Maiatzak 22, 824. zenbakia
Maiatzak 29, 825. zenbakia
Herrira Begira: "Konfinatuta"