Elurra 300 metrotan ere egin dezake datozen egunotan

Noaua Aldizkaria 2020ko abenduaren 30a

Dagokion moduan, negu giroarekin agurtuko dugu urtea eta elurrarekin eman diezaiokegu ongi etorria 2021. urteari. Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpena betetzen bada, elurra behe samarrean egin dezake datozen egunotan, 300 metrotan ere zuritu dezake.

Abisu horia indarrean da Gipuzkoa barnealdean elurragatik, eta hala segiko du datozen egunotan. Asteazken honetan, 600-800 metro artean zurituko du, iluntzean 1.000 metrotik gora. Datozen egunotan beherago ere elurra egin dezake. Ostegunean, egunaren lehen zatian 1.000-1.200 metro artean zuritu dezake, baina arratsalde partean 500-600 metrotan. "Azken orduetan noizbehinka beherago egon liteke", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Urteberri egunean, urtarrilaren lehenean, 500-600 metrotan zuritu dezake, "goizaldean noizbehinka beherago", eta gauean, "300-500 metrora jaitsiko da". Egun horretan, "zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariago kantauri isurialdean. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. 600 metrotan 5-10 zentimetroko lodiera izan dezake pilatutako elurrak.

Elurra ez bada euria
Datuokin honenbestez, Andatza gaina soilik ez, beherago ere zuritu dezake datozen egunotan. Momentuz, asteazken honetan, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria sarri egingo du. Gauean atertu egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da, egunaren lehenengo partean ipar-mendebaldekoa nagusi, gauean hego-mendebaldekoa. Tenperaturan aldaketarik ez."

Ostegunean, "goibel eta euritsu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus