2020ari gainbegiratua

Ikasgeletara ezohiko itzulera irailean, sei hilabeteren ostean

Noaua Aldizkaria 2020ko abenduaren 30a

Ezohiko ikasturte hasiera bizi izan genuen irailean. Sei hilabeteko etenaldiaren ostean, prebentzio neurri zorrotzen artean itzuli ziren ikasleak ikasgeletara, covid19-aren "bigarren olatuan" murgitzen hasi ginen hilabete honetan. 

Urtero moduan iraila heltzearekin batera ikasgeletara itzuli ziren haur eta gazteak. Oraingoa ordea ez zen beste ohiko ikasturte hasiera bat. Martxoan egun batetik bestera covid19ak itxitako ikastetxeetako ateak zabaldu zituzten berriz lehen aldiz, sei hilabeteko etenaldiaren ostean, eta prebentzio neurri zorrotzen artean; ikasle taldeak "burbuiletan" banatuak, ahal zen heinean ikasgeletatik kanpoko ekintzak sustatzen, musuko eta gel hidroalkoholikoaren erabilera egunerokoan bilakatuak...

Astebetera itxi zituzten berriz. Ikasgeletara aurrez aurre, modu seguruan eta adostuan itzultzearen alde greba eguna deitu zuten sindikatuek ikasturte hasi eta astebetera, irailaren 15ean ikastetxeetan. Herrian erabateko jarraipena izan zuen deialdiak. Protesta egin zuten baita osasun arloko langileek; "Honaino heldu gara!" aldarripean eta sindikatuek deituta. Eskubidedun kalitatezko osasun publikoaren alde mobilizatu ziren Usurbilgo eta gainerako udalerrietako anbulatorioetako langileak irailaren 18an. Falta ziren baliabideak eskatzen zituzten.

Egokitzapenak halabeharrez
Ezohiko ikasturte berria martxan jarri berritan, ikastetxeen eremutik at, gehitzen hasi ziren covid19 kasuak Usurbilen; "bigarren olatu" gisa ezaguturikoan murgildu ginen. Astebeteko tartean soilik 24 kasu izatera heldu zen udalerri hau.

Covid19-aren eraginez, udal aurrekontuak egokitu beharrean aurkitu zen Udala. Udan zehar baita, ordenantza fiskalen hobarien araudia ere moldatu beharrean aurkitu zen.

Gertuago egitasmoko bigarren fasea abiarazi zuten gainera; izen bereko erosketa-bonu gehiago eskura zitezkeen. Lehen fasean parte hartu ez zuten tabernek eta konfinamenduan zabalik izan zuten dendak ere eskuhartzen hasi ziren.

Pelaioenea barnetik eraikitzen hasi ziren
Pandemiak atzeraturiko egitasmo bati ere heldu zion Usurbilgo Udalak; birgaitze lanak amaituta, etorkizunean Emakumeen Etxearen eta kalezartarren auzo ekipamenduaren egoitza izango den Pelaioenea barnetik eraikitzen hasi ziren. Bi egitasmo hauek definitzeko parte hartze prozesu bana abiarazi zuten irailean, Usurbilgo Udalak eta prozesuon dinamizatzaile Elhuyarrek aipatu eraikin atarian egin zuten aurkezpen ekitaldiarekin.

Egun hartan bertan, Buruntzaldea mailan saretzea helburu zuten topaketa feministak ospatu zituzten Usurbilen, "Harrotu eta erein" aldarripean.

Aginagako Eliza Zaharra ere auzolanean eraberritu, guztientzako egokitu eta aginagarren elkargunean bilakatzeko lanei segida eman zieten aste haietan.

Gutuna Aranjuezko espetxe zuzendariari
Azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten euriagatik frontoian. Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga bisitarik gabe zirela salatu zuten, senideekin telematikoki komunikatzea eskatu zuten arren eskaera ukatu zietela salatu zuten. Aste haietan Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru udal taldeek, EHBilduk, EAJ-k eta PSE-k Aranjuezko espetxe zuzendariari familia barruko komunikazioak bermatzea eskatu zioten.

Euskaraldirako prestatzen
Aurreko hilabeteen antzera, irailean ere ibilbide luzeko hainbat hitzordu ospatzea eragotzi zuen pandemiak; esaterako, Baxurde Krosa edota Santueneko jaiak, nahiz jaion antolakuntza taldeak, uztailean zehar auzoan bertan ospatu ziren Kultur Biraren ekimenetan parte hartu.

Urte amaierarako Euskaraldian entitateentzako izen ematea itxi eta Ahobizi eta Belarriprestentzako epea zabaldu zuten. Tarte horretan gainera, berez udaberrian ospatzekoa zen Mintzalagun egitasmoaren 10. urtemugako ekitaldia irailean egin zuten.

Kirol albisteei dagokienez, Kontxari begira izan ginen iraileko bigarren igandean; erraustegia geratzeko giza-katea egin zuten eta estropadetan, Alex Udabek eta Hondarribiak irabazi zuten bandera preziatua.

Iraileko argitalpenak
Irailak 11, 834. zenbakia
Irailak 18, 835. zenbakia
Irailak 25, 836. zenbakia