Koronabirusak eragindako osasun krisialdiari dagokionean, hilabetea bitan zatitu genezake; lehen hamabostaldira arte, ezohiko 2020-21 ikasturtea martxan jartzeko lanetan ziharduten herri eragileek. Prebentzio neurri zorrotzetara egokituta hasi zuten haien jarduna, Oiardo Kiroldegiko ikastaroek, kirol taldeek, Zumartek edota Orbeldi Dantza Taldekoek. Denbora gutxirako ordea; hilabete amaieran, eremu gorrian sartu zen Usurbil, baita Buruntzaldea, Gipuzkoa eta EAE osoa ere. Neurri murriztaile berriak jarri zituen indarrean Eusko Jaurlaritzak; lehenengoetarikoak, Eskola Kirola etetea, dantza entseguena baita. Eta beharrezkoa zena egiteko ez bazen, herritik irteteko debekua eta 23:00etarako etxeratze-agindua.
Hitza hartzeko hilabetea ere izan genuen urria. Etorkizunean Kalezarko Pelaioenean kokatuko diren Emakumeen Etxea eta kalezartarren auzo ekipamendua definitzeko parte hartze prozesuak abiarazi zituzten urrian, baita etorkizuneko Zubieta marrazteko prozesua ere. Beste eraikin baten bueltan eginiko parte hartze prozesuan erabakitakoa fisikoki eraikitzen hasi ziren; etorkizunean gaztetxearekin batera txokoaldetarren bilgunea ere izango den Akerraren birgaitze lanak abiarazi zituzten. Jatorri aniztasuna eta elkarbizitzari buruzko jardunaldia deitu zuen baita Usurbilgo Udalak Sutegin.
Zumarte berrituaren inaugurazioa
Urrian ospatu ezinik geratu ziren Aginagako jaiak, aurreko urteetan ezagutzen genituen moduan. Udako Kultur Biraren ereduari jarraiki ordea, zenbait hitzordu antolatu zituen jai batzordeak urriko lehen asteburuan Ariztitxo frontoian. Euria tarteko, urriko lehen larunbatean Sarek "Izan Bidea" dinamikaren baitan deituta zuen mendi martxa ere 2021eko maiatzera atzeratu zuten, eta horren ordez talde argazki bat atera zuten frontoian.
Buruntzaldeko Ibilbideen Egun birtuala antolatu zuten baita; aurreko asteetan ordea, udan itzulitako Harria Hitz bisita gidatua egin ahal izan zuten. Izatez, udalerri hau abuztuan zeharkatu behar zuen "La Vuelta" txirrindularitza probak urrian zeharkatu zuen Usurbil eta Aginaga. Martxorako iragarri genuen Laburbiraren film laburrak hilabete honetan proiektatu genituen. Sutegik "Udazkena Liburutegian" zikloa abiarazi zuen ipuin kontaketa saio eta literatur solasaldiekin. Garai zailetan ekimen berriak abian baita; Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak batzeko ekimena aurkeztu ziguten.
Kultur arloko irudi nagusia ordea hilabete amaieran jaso genuen; Zumarteren eraikin berrituko inauguraziokoaz ari gara.
Urriko argitalpenak
Urriak 2, 837. zenbakia
Urriak 9, 838. zenbakia
Urriak 16, 839. zenbakia
Urriak 23, 840. zenbakia
Urriak 30, 841. zenbakia