Eremu gorri betean ginela abiarazi genuen azaroa. Intzidentziak gorantz segi zuen etenik gabe azaroko lehen egunetan goia jo genuen arte. Bi datu abenduaren 30 honetan nola garen ikusi eta une hartan ze egoeratan ginen alderatzeko. Urteko azken asteazken honetan 100.000 biztanleko 31,66ko intzidentzia dugu Usurbilen, eremu berdean gara. Azaroaren 4an, 902,18koa izatera heldu ginen. Mantso bada ere, ordutik, aipatu tasa hau murrizten joan zen pixkanaka. Azaroaren 18an eremu laranjan sartu ginen.
Antzeko testuinguruan zen EAE osoa ere. Eusko Jaurlaritzak egun batetik bestera, ostalaritza guneak ixtea erabaki zuen azaroaren 7an. Lehen asteburu hartan, herriak martxoko konfinamenduaren antz handiagoa zuen berriz; tabernetako pertsianak jaitsita, terrazaguneak hutsik. Tabernarientzat bigarren itxialdi hau, itxialdi latzagoa izan zen. Eta herritarrak alternatiba bila; tabernak itxita eta herritik ezin atera. Ondorioz, eguraldi eguzkitsua lagun, azaroko asteburuetan, herri bideak (Arratzain, Zubieta edota Andatza inguruak) inoiz ez bezala ibiltari eta txirrindulariez bete ziren.
Hitzordu batzuk bertan behera, besteak egokituta
Testuinguru zail honetan, herri bizitzari eusteko udal nahiz herri eragileen ordezkaritza zabal batek eginiko apustua nabarmendu behar, indarrean egon zitezkeen unean uneko prebentzio neurrietara egokituta beti ere.
Zalantzan ginen, egunez egun indarrean jartzen ari ziren neurri murriztaile berriak tarteko, egiterik izango ote genuen; azkenean bai, azken egunetako prebentzio neurrietara egokituta ospatu ahal izan genuen NOAUA!ren Kulturaldia. Urtebete lehenago egindako "Zumalakarregi eta bere garaia" jardunaldietako edukia biltzen zuen liburua aurkeztu berritan, 1620ko Nafarroako loraldiaz, amaitu ezin izan zuen jardunaldi astea antolatu zuen Nafartarrak Taldeak. Ezin izan zuten aurreikusi moduan amaitu, Mikel Markezen eta Erramun Martikorenaren emanaldia bertan behera geratu baitzen, Martikorenak Ipar Euskal Herrian ezarria zuten konfinamenduagatik ezin izan baitzuen Usurbila etorri.
Ibilbide luze eta oparoa izan dute Usurbilgo azokek; ez azaroaren lehen eguneko Artisasu Azokak ezta hilabeteko azken igandeko Erle Eguna ere ezin izan dira ospatu aurten. Aurreikusia zuten moduan ez, baina ezohiko errealitate honetara egokitutako 15. urtemuga ospatu ahal izan zuen Sutegi udal liburutegiak. Hausnarketara bideratu zuten bestalde, urterokoa izan baina aurtengo testuingurua aintzakotzat hartuta, ezohikoa izan zen Gazte Eguna.
Mobilizazio asteburu bat ere bizi izan genuen azaroan; Sahararen askatasunaren aldeko elkarretaratzea egin zen Mikel Laboa plazan eta biharamunean, Sarek deituta euskal preso eta iheslarien afera konpontzearen aldeko martxa herrian barrena.
Euskaraldiko presteketek ere aurrerabidean segi zuten; azken izen emate eta txapen banaketarekin. Azaroaren 20an abiarazi zuten ariketa kolektiboa izena emana zuten Usurbilgo 34 entitateek, eta norbanako gisa euskara ahotan hartzeko konpromisoa hartu zuen ia 900 Ahobizi eta Belarriprestek.
Baldintzapean aske
Espetxealdia eta azken hilabeteetako isolamendua guztiz atzean utzi zutenak, 2018tik kalean behar zuten arren, bi urte beranduago baldintzapean aske utzi zituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideak ditugu. Lasagabasterrek ez zuen espetxera itzuli beharrik izan, Patxik astetartean gauez baino ez Martutenera. Urte amaiera historikoa bizi izan du ondorioz Usurbilek; 47 urteetan lehen aldiz, errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu zen.
Azaroko argitalpenak
Azaroak 6, 842. zenbakia
Azaroak 13, 843. zenbakia
Azaroak 20, 844. zenbakia
Azaroak 27, 845. zenbakia