Eremu gorrian hasi genuen berriz abendua, baina berehala eremu laranjara igaro ginen, abenduaren 13an horira eta aste hasiera honetan bertan berdera. Bilakaera hau marrazten duten bi datu segidan; abenduaren 1ean, 538,14ko intzidentzia zuen covid19-ak Usurbilen. Azken 24 orduotan, 31,66koa.
Neurri murriztaileak malgutzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak abendu hasieran; tartean, ostalaritza guneak berriz irekitzea baimendu zuen. Ireki bezperatan, herriko ostalariek sektorea babesteko elkarretaratzea egin zuten Mikel Laboa plazan eta ireki berritan, Udalak laguntza eta babesa eskaini zien ostalariei.
Urte amaiera honi begira berriz egokitu ditu Jaurlaritzak covid19ari aurre egiteko prebentzio neurriak.
Udal aurrekontu sozialenak
Ezohiko egoeran, ezohiko aurrekontuak; aurtengoak ere egokitu beharrean aurkitu bazen udal gobernu taldea, 2021ekoak erabat pandemiari eta honen ondorioei aurre egitera bideratuko ditu udal gobernu taldeak. Azken hilabeteotan bezala, hiru ardatz nagusi izango dituzte, abenduaren 23an hasieraz onartu zituzten udal aurrekontuok; “gizarte babesa eta tokikoaren zaintza, izan ekonomikoa, izan kulturala, izan soziala”.
Artean, Hurbilago ostalari eta merkatarien elkarteak urte amaiera honi begirako kanpaina abiarazi zuen; aurten ezin San Silbestre Herri Lasterketa ospatu, baina herrian bizi eta erosteko alternatibarik proposatu ziguten; "preziyo juxtua" ekimena edota egunotako "Argiztatu Herria" otarren zozketa.
Agenda alternatiboa
Bertan behera geratu zen abenduaren 8ko Odol Emaileen Eguna, eta baita urte amaiera honetako beste urteetako ospakizun masiboak; kantu-jirak, gabonetako parkeak, Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa... Eta San Tomas Azoka. Halere, babarrun eta sagardo txapelketari eutsi zion NOAUA! Kultur Elkarteak eta aurreko urteen antzera, herriko produktuon uzta eta ekoizleak saritu zituen. Euskararen Eguna ere ospatu zuen Udarregi Ikastolak, Euskaraldiaren azken txanpan.
Online bidezko plataformen indartzea
Azken hilabeteotan gertatu bezala ordea, egungo osasun krisialdiko prebentzio neurri zorrotzetara egokitutako eskaintza alternatiboa prestatu dute Udalak eta herri eragile anitzek; egunotan antolatu eta harrera ezinhobea izaten ari den hitzordu sorta.
Orain arte bezala, ekitaldien sarrerak kudeatzeko ezinbesteko plataforman bilakatu da udaz geroztik martxan den usurbilkultura.eus ataria. Webgune honen aldeko apustua indartu dute gainera herri eragileek eta Udalak; orain arte doako sarrerak baino ezin zitezkeen eskuratu, orain baita ordaindu beharrekoak ere. Eta Oiardo Kiroldegiko txandak ere online eska daitezke hilabete honetatik, tramiteak.buruntzaldea.eus atariaren bidez.
Abenduko argitalpenak
Abenduak 4, 846. zenbakia
Abenduak 11, 847. zenbakia
Abenduak 18, 848. zenbakia