Aurten ezingo dugu beste urteetan bezala, urtea herri merkataritza eta ostalaritzaren alde lasterka eginez agurtu. Bertan behera geratu da ostegun honetako Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa; bai Usurbilgoa baita gainerako herrietakoak ere. Goizaldean ez da parranda girorik izango; dj saiorik ez urteko lehen parranda girotzeko, tabernak ere itxita izango dira. Afalaurreko poteo orduan ere bai; abenduaren 24an bezala arratsaldeko 18:00etan itxiko dituzte. Ez soilik tabernak, baita dendak ere; farmaziak edota gasolindegiak izan ezik. Eta biharamunean goizeko 6:00etan ez, 9:00ak arte ezingo dute ireki, ezta urtarrilaren 6an ere.
Jatetxe zerbitzua eskaintzen duten establezimenduetan 20:00etatik aurrera eskaini ahalko dizkiete gaur gaueko afariak "bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik" eta "23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak". Guneotan ere gehienez sei pertsonakoak izan beharko dute afariok. "Edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira". Etxean ere bai, sei laguneko bilkurak daude baimenduak (10ekoak zeuden baimenduak abenduaren 24an), eta "bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez elkartzea" gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak.
Sei pertsonako afariak
Etxeratze-agindua 00:30etara atzeratuko da ostegun honetan. Hortik aurrera, debekatua parranda, "kotiloiak"... Bihar berriz, 22:00etara itzuliko da aipatu agindua.
Horrez gain, gogoan izan, Usurbila sartu nahiz irteteko aukera izango dela urtarrilaren 1era arte, gauza bera Gipuzkoan edota EAE-n, "baldin eta pertsonak senideen edo hurbileko pertsonen ohiko bizilekura joateko bada. Nolanahi ere, joan-etorri horiek egiteko aukera egongo da, helburuko erkidegoan ezarritako pertsona-taldeen mugak betetzen badira, betiere".
Urtarrilaren 11n berrikuspena
Neurriok abenduaren 22an onartu zituen Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde tekniko lanak egiten dituen LABI-k. Biharamunean plazaratu zuten dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta abenduaren 24an sartu zen indarrean.
Aipaturiko neurriok egun seinalatuetarako dira; gainerako egunetan, orain arte bezala etxeratze-aginduak 22:00etan finkatua segiko du, tabernek 20:00etan itxi beharko dute, dendek 21:00etan, kultur ekitaldiek 21:00etarako amaitu beharko dute... Bestelako aldaketarik ez bada, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11n berreikusi asmo ditu neurriok. Une horretako egoera epidemiologikoaren arabera neurriok indartu edo malgutu ditzake.