Koronabirusa

Denda eta tabernen itxiera 18:00etan, etxeratzeko agindua 00:30etan eta 6 laguneko ospakizunak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 31a, 12:24

Covid19aren hedapena eragozteko asmoz Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen neurri murriztaileek urte batetik bestera igaroko garen ostegun gau hau oso modu ezberdinean bizitzea eragingo dute.

Aurten ezingo dugu beste urteetan bezala, urtea herri merkataritza eta ostalaritzaren alde lasterka eginez agurtu. Bertan behera geratu da ostegun honetako Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa; bai Usurbilgoa baita gainerako herrietakoak ere. Goizaldean ez da parranda girorik izango; dj saiorik ez urteko lehen parranda girotzeko, tabernak ere itxita izango dira. Afalaurreko poteo orduan ere bai; abenduaren 24an bezala arratsaldeko 18:00etan itxiko dituzte. Ez soilik tabernak, baita dendak ere; farmaziak edota gasolindegiak izan ezik. Eta biharamunean goizeko 6:00etan ez, 9:00ak arte ezingo dute ireki, ezta urtarrilaren 6an ere.

Jatetxe zerbitzua eskaintzen duten establezimenduetan 20:00etatik aurrera eskaini ahalko dizkiete gaur gaueko afariak "bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik" eta "23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak". Guneotan ere gehienez sei pertsonakoak izan beharko dute afariok. "Edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira". Etxean ere bai, sei laguneko bilkurak daude baimenduak (10ekoak zeuden baimenduak abenduaren 24an), eta "bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez elkartzea" gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak. 

Sei pertsonako afariak
Etxeratze-agindua 00:30etara atzeratuko da ostegun honetan. Hortik aurrera, debekatua parranda, "kotiloiak"... Bihar berriz, 22:00etara itzuliko da aipatu agindua.

Horrez gain, gogoan izan, Usurbila sartu nahiz irteteko aukera izango dela urtarrilaren 1era arte, gauza bera Gipuzkoan edota EAE-n, "baldin eta pertsonak senideen edo hurbileko pertsonen ohiko bizilekura joateko bada. Nolanahi ere, joan-etorri horiek egiteko aukera egongo da, helburuko erkidegoan ezarritako pertsona-taldeen mugak betetzen badira, betiere".

Urtarrilaren 11n berrikuspena
Neurriok abenduaren 22an onartu zituen Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde tekniko lanak egiten dituen LABI-k. Biharamunean plazaratu zuten dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta abenduaren 24an sartu zen indarrean.

Aipaturiko neurriok egun seinalatuetarako dira; gainerako egunetan, orain arte bezala etxeratze-aginduak 22:00etan finkatua segiko du, tabernek 20:00etan itxi beharko dute, dendek 21:00etan, kultur ekitaldiek 21:00etarako amaitu beharko dute... Bestelako aldaketarik ez bada, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11n berreikusi asmo ditu neurriok. Une horretako egoera epidemiologikoaren arabera neurriok indartu edo malgutu ditzake.