Elurra gertu ikus dezakegu egunotan, larunbatean 200 metrotan edo beherago

Noaua Aldizkaria 2020ko abenduaren 31

Negu giroan agurtuko dugu 2020a eta emango diogu baita ongi etorria urte berriari. Aspaldi ez bezala, elurra behe samarrean dugula. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 500-600 metrotan zuritu dezake datozen orduotan; ostiral gauean 300 metrotan ere bai. Larunbatean, 200 metrotan edo beherago.

Adi jarraitu beharko dugu eguraldiari lotutako iragarpena egunotan. Urte garai honi dagokion giroa izango dugu 2021ean sartu berritan. Baina aspaldi ez bezala elurra behe samarrean ikusteko aukera ere izan dezakegu, hala dio Euskalmet meteorologia agentziak. Egunotan geroz eta beherago zurituko du; larunbatean 200 metrotan edo beherago.

Ikusiko da iragarpena betetzen den edo ez. Elurragatik abisu edo alerta egoera indarrean izango da egunotan. Usurbili ez dio eragingo; Gipuzkoa barnealdeari. Baina ikus dezagun zer dioten ohar hauek; Usurbil inguruetan eragina izan dezaketelako.  

Abenduaren 31n, 500 metrotik gora
Momentuz ostegun honetan, elurragatik abisu horian izango da Gipuzkoa barnealdea, eguerdiko 12:00etan hasita. Egunaren lehen zatian 1.000-1.200 metrotan zuritu dezake, baina arratsaldetik aurrera, bai iluntze eta gau partean ere 500-600 metrotan ere bai. "Azken orduetan noizbehinka beherago egon liteke. Prezipitazio txikia egingo du noizbehinka kantauri isurialdean goizaldean eta goizean goiz; gainerako orduetan prezipitazio txiki-ertaina egingo du", ohartarazi du Euskalmet-ek. Iragarpena eskutan, Andatza gaina eta zertxobait beherago ere zuritu dezake honenbestez. Usurbilen artean, "goibel eta euritsu" joango zaigu eguna. "Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Urtarrilaren 1ean, 300 metrotan
Urteko lehen egunean, ostiralean ere abisu horian segiko du Gipuzkoa barnealdeak elurragatik. Egunean zehar 500-600 metrotan zuritu dezake, baina adi; "goizaldean noizbehinka beherago" eta ostiral gauean, 300-500 metrotan. "Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariagoak kantauri isurialdean. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake". "Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparradak sarri botako ditu, trumoitsuak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Urtarrilaren 2an, 200 metrotan edo beherago
Eta larunbatean (urtarrilak 2) beherago; ostiral gauerdian elurragatik alerta laranja ezarriko dute Gipuzkoa barnealdean; 200-400 metrotan zuritu dezake. 600 metrotan 10-20 zentimetro artean pilatzea aurreikusten da, 0-10 zentimetro artean 200 metrotan. "Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake". Horrekin batera, Euskalmet-ek iragarri duenez, "ez da baztertzen kostaldetik gertu ere, ekialdean, elur-maluta batzuk ikustea".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus