Olentzeroren biraren antolatzaileen eskertza: "Herritarrek harrera oso ona egin diote ekimen honi"

Noaua Aldizkaria 2020ko abenduaren 31

Osasun krisialdi betean, prebentzio neurri zorrotzen artean ospatu zen Olentzeroren auzoz auzoko bira abenduaren 24an. Antolatzaileek eskerrak helarazi nahi dizkiete herritarrei, akats teknikoen eraginez bira laburtu beharra izan arren, ekimenari egindako harreragatik, baita hitzordua egitea ahalbidetu zuten guztiei.

Aurrekaririk ez duen oztopoa izan du aurten Olentzerok gure artera etortzeko; inoiz ezagutu ez dugun covid19ak eragindako pandemia. Baina prebentzio neurri zorrotzak hartuta, Usurbila iritsi zen; bigarren oztopo bati aurre egin behar izan zion ordea; abenduaren 24an izan genituen euri zaparradei. Eta euriak bai, gure artean egitekoa zuen bisita oztopatzeaz gain, aurreikusia zuen bira laburtzea eragin zuen. 

Euritan baina auzo guztiak zeharkatu ahal izan zituen; Kaxkoan aurreikusia zuen ibilbidea ordea ez zuen osatzerik izan; zenbait kaleetan ez zen ikusterik izan ikazkina. Beste batzuetan bai, ibilbidea moldatuta. Jendea antza galdezka zebilen ia Euskal Herriko ikazkin ezagunena bere etxe aurretik pasako ote zen edo ez. "Bihotzez sentitzen dugu", adierazi dute NOAUA! bidez antolatzaileek. Arratsalde hartan gertaturikoa azaldu digute.

Kaxkoko bira laburtu beharra
"Zubietara arte zutik eutsi zion Olentzeroren bueltan egokitu genuen dekorazioak. Baina Zubietan musika eta argia eten zen akats tekniko batengatik. Konpontzen saiatu ginen baina berandutu zitzaigun eta Olentzero blai zegoen. Arazo horiengatik, Kaxkoko bira laburtu genuen", adierazi digute. Eta horregatik ikusi zen herri erdigunean, argirik eta musikarik gabeko Olentzero.

Bira bera bertan behera uztekotan izan zirela ere aditzera eman digute. Atallutik abiatu aurretik ordea "sirimira ari zuen" eta Olentzero ere ateratzearen alde egonik, auzoz auzoko bira egitea erabaki zuten. Edozein kasutan, ekimena ez egitea erabaki izan balute, "B plan" bat diseinatua zutela ere berri eman dute; karroza gainean Olentzeroren mezua grabatu bira ezingo zela egin esanez eta ikus-entzunezko hau sare sozialen bidez partekatzea.

Eskertza
Oztopoak oztopo, ezohiko testuinguru batean, inoiz ezagutu gabeko osasun krisialdi betean ospatu den ekimenak izandako harrera bikaina azpimarratu dute antolatzaileek. "Herritarrei eskerrak eman orokorrean gehienek bai etxe ataritik edo leihotik agurtu zutelako Olentzero. Jendearen erantzuna oso ona izan da".

Eskertza hau luzatu nahi diete bira berezi hau ospatu eta Olentzeroren mezua biltzen zuen bideoa grabatzea ahalbidetu zuten guztiei; bai herritar, eragile parte hartzaileei eta Udalari emandako babesagatik. Modu berezian brigadakoei eta udaltzainei, biraren azken txanpa zail horretan eskainitako laguntzagatik. "Udaltzainek laguntza handia eman ziguten. Haien ibilgailuko argiekin ibili ziren Olentzero argiztatzen. Pena, auzoetan ikusi ahal izan zuten Jokin Eizagirre herritarrak landutako dekorazio polita ezin izan zuela Kaxkoak ikusi, aipatu ditugun akats teknikoengatik".

Harrera bikaina
Zenbait uneetan egungo osasun krisialdiak betearaztea exijitzen duten prebentzio neurrietara egokitzea lan neketsua izan dela aitortu arren, Olentzero aurtengoan ere gure artera ekartzeko eginiko apustuak erabat asebete ditu antolatzaileak. "Herritarrek harrera ona egin diote ekimen honi eta gogo handia jarri du hau dena aurrera eramateko". Eta helburu nagusia bete da; "txikiengana ilusioa" helaraztea. "Harrituta ginen zenbat jende ikusten genuen balkoietan. Asko etxe atarira irten ziren Olentzero agurtzera eguraldi txarra izan arren".

Olentzerorentzako gutunak biltzeko postontzietako batek baino gehiagok beteta amaitu zuen. "Leku batzuetan postontzietan gutunak zapaldu beharra gertatu zen, gehiago kabitzen ez zirelako".

Esperientzia errepikatzeko prest
Ezin jakin urtebete barru ze egoeratan izango garen; Olentzero berriz kalean agurtu eta berarengana hurbiltzeko aukera badugu, egungo osasun krisialdia gainditu dugula esan nahiko du. Bestela, gaurko antzeko testuinguru batean egongo bagina, abenduaren 24ko esperientziak erakutsi duenez, "posible da berriz halako zerbait egitea", Olentzeroren etorrera prestatzen aritu direnen esanetan.

Herri honek aspaldidanik erakutsi baitu, eta garai zailotan are gehiago nabarmendu baita, garai zailei unean uneko testuingurura egokitutako ekimen irudimentsuekin erantzuteko duen gaitasuna. "Altxor bat du Usurbilek, kultur sormenaren ikuspuntutik".