Agur bikoitzean bilakatu da urteko azken egun honetarako Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak frontoian deitu duen "2021ean aske-opa!" mobilizazio berezia. Duela aste batzuk berri eman zuten moduan, historikotzat jo daitekeen ezohiko urtea agurtu dute. 47 urteetan lehen aldiz, errepresaliatu politikorik ez baitu Usurbilek, azaroa hasieran Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideak baldintzapean aske geratu ostean. 2018ko ekainean, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada kalean behar zuten; azkenean ordea, azaroan irten ahal izan zuten Aranjuezko espetxetik.
Oraindik orain ordea, beste 218 euskal herritar daude preso. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izan arte mobilizatzen segitzeko beharra azpimarratu dute gaurko hitzorduan. Eta hortxe etorri da bigarren agurra eta 2021ari begirako berrikuntza; lekuko aldaketa izango dela iragarri dute, hilero azken ostiraletan 20:00etan Mikel Laboa plazan egiten diren elkarretaratzeetan. Urte luzez, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitu izan ditu mobilizaziook. Usurbilek errepresaliatu politikorik ez duen une honetan, aurrerantzean Sarek deituko ditu hitzorduok; aipatu moduan, 2021. urtetik aurrera. Aldaketarik ez bada honenbestez, hurrengo elkarretaratzea urtarrilaren 29an 20:00etan Mikel Laboa plazan izango da. Usurbilgo Sarek antolatuta.
Ahaleginak batzeko apustua
Azken ostiraleko kontzentrazioen antolakuntza aldaketa ez da soilik Usurbilen gertatuko. Azaroan berri eman zutenez, aurrerantzean Sarek eta Etxerat-ek Euskal Herri mailako elkarretaratzeok batera deitzea erabaki zuten. "Uste dugu bizi garen unean merezi duela ahaleginak batzea, gizarte-aktibazioak eta mobilizazioak duten garrantzia dela eta, presoak Euskal Herrira ekartzeko eta bakea eta elkarbizitza lortzeko bidea atzeraezina izan dadin; izan ere, euskal gizartea da berriz ere estatuak eta gobernuak mugiarazten dituen motorra", Sarek berri eman zuenez.
Azken aldian hainbat hurbiltze eman dira, hainbat mugimendu euskal presoak euskal herriratzeko bidean. "Saretik eta Etxeratetik positiboki baloratzen ditugu mugimendu gutxi horiek, baina, aldi berean, adierazi nahi dugu mugitutako preso horietako gehienak ehunka km-ra daudela oraindik", ohartarazten dute.
Agerikoa denez, "orain arteko aldaketak ez die erantzuten Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren eskakizunei. Espetxe-politikaren normalizazioa euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean emango da", gogorarazten dute.
Usurbila itzulita, bi mobilizazio deitu dituzte urtarrilerako:
DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Urtarrilak 9, larunbata
17:30 Bilboko urteroko manifestazio jendetsua egingo zen egun honetan, covid19a tarteko aurten, mobilizazioak herriz herri: "Bidea gara" manifestazioa Usurbilen, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Urtarrilak 29, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.
Etxean dira... ez denak ordea
Aurtengo Gabonak usurbildarrentzat historikoak dira. Atrebentziarekin diogu hori, gainera. Izan ere, joan den 47 urteotan etenik izan ez duen egoera gogor bat hutsaldu da: Usurbilek jada ez du arrazoi politikoengatik kartzelan edota erbestean dagoen herritarrik.
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrian ditugu joan den azaroaren 6tik. Ez erabat aske oraindik, egia da. Baina ezarri dizkieten baldintzak (2018tik aplikatu ahal zirenak), eramangarriak dira bizimodu normal batekin.
Ez da urte erraza izan haientzat eta beren senideentzat. Lehenik, urtarrilaren 19an hiru urte bete zituenean, Xuak espetxea utzi behar izan zuen. Banaketa zinez gogorra izan zen. Gutxira, bere gurasoak kartzelaz aldatu zituzten Picassentetik Aranjuezera. 80 kilometro gutxiagoko "hurbilketa". Bisita bakarra egin ahal izan zuen familiak -otsailean- ze covid19aren pandemia lehertu zenean, akabo bisitak. Uztailera arte, Maddi txikia jaio zen arte, alegia, ez zuten elkar ikusteko aukerarik izan.
Eta geroztik ere ez. Hamar hilabete luzeetan gutun edo telefono bidez komunikatu dira. Orain gauzak asko aldatu dira haientzat, baina 218 preso politikoentzat eta beren familientzat oro har, berean darraite.
Azken asteotan hurbilagoko espetxeetara -eta kasu batzuetan Euskal Herrikoetara ere- lekualdatu dituzten zenbait euskal preso. Hortaz, egoera zertxobait leundu zaie haien familiei. Baina oraindik gehienak urrun eta, pandemia tarteko, baldintza gogorragoetan segitzen dute. Horregatik diogu herri-presioa mantentzea eta areagotzea ezinbestekoa dela. Lehenik eta behin, euskal preso guztiak beren etxeetatik ahalik eta gertuen ekar ditzaten; gaixo daudenak, adinean aurrera doazenak eta baldintzapean aske beharko luketenak etxeratuak izan daitezen.
Urrats horiek urratuko dute behingoz guztiak libre izateko bidea eta, Usurbil bezala, Euskal Herriko herri guztiak preso, erbesteratu eta deportaturik gabeko herriak bihurtzea.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!
Etxerat