Elurragatik abisu horian segiko dugu

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 2a, 08:20

Elurragatik alerta laranjan izan gara bart gaueko 21:00etatik larunbat bazkalostera arte. Gauean zertxobait zuritu du inguruotan. Eguna argitzerako leku gehienetan arrasto batzuk baino ez zeuden. Elurragatik abisu horian jarraituko dugu ordea astelehenera arte.

200 metrotan edo beherago egin zezakeela ere iragarria zegoen. Bart gauean behe samarrean bota du elurra eta bereziki garaiera altuagoko herriko zonaldeak zuritu du. Eguna argitzerako ordea ez zen arrasto handirik aipatu moduan.

Alerta laranjan izan gara bart gaueko 21:00etan hasi eta larunbat arratsaldeko 15:00ak arte. Abisu horian jarraituko dugu halere astelehenera arte gutxienez. Elur asko izateko probalitatea txikiagoa izango da, baina  egin dezakeena behe samarrean bota dezake; larunbat honetan 200-400 metro artean. "Prezipitazio txikia egingo du, noizbehinka ertaina kantauri isurialdean egunaren lehen partean. Arratsaldetik aurrera prezipitazio txikia egingo du. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake", Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez. 600 metrotik gora 5-10 zentimetrotan pila daiteke elurra, 5 zentimetrotan 200 metrotan.

Igandean, 300-500 metro artean
Igandean (urtarrilak 3), 300-500 metrotan egin dezake elurra. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du kantauri isurialdean eta txikia gainerako tokietan. Noizbehinka ekaitzak jo eta txingorra bota dezake kantauri isurialdean", iragarri du aipatu meteorologia agentziak. Zentimetro bakarreko lodiera har dezake 200 metrotan bota dezakeen elurrak, 2-20 zentimetro artean 600 metrotik gora. 

Astelehenean (urtarrilak 4), berriz ere 200-400 metrotan zuritu dezake. "Prezipitazio txikia egingo du, noizbehinka ertaina kantauri isurialdean egunaren lehen partean. Arratsaldetik aurrera prezipitazio txikia egingo du. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake", iragarri du Euskalmet-ek. Berriz ere 5 zentimetroko elurra pilatu daiteke 200 metrotan, 5-10 zentimetro artean 600 metrotik gora. 

Unean uneko informazio eguneratua hemen jaso dezakezue: euskalmet.eus