Hego Euskal Herriko lau udalerri hautatu dituzte, herrialde bakoitzeko bat; Gipuzkoan Usurbil aukeratu du Ernai gazte antolakundeak urtarrilaren 9rako Sarek herriz herri iragarri dituen mobilizazioei atxikimendua adierazteko. Larunbat eguerdi honetan izan da, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako agerraldiak egin dituzten une berean. Gipuzkoakoa aipatu moduan, Usurbilgo frontoian egin dute, "mezu argi bat zabaltzeko: Euskal Herrian gatazka politiko-armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugula eta behar dugula".
"Gazteok zuekin gaude!" adierazi diote espetxeak hustu eta dispertsioarekin amaitzeko duela hiru urte bidea abiarazi zuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboari. "Gazteok zuekin jarraitzen dugula ozen esan nahi dugu". Eta preso zein iheslari politikoen borrokaren konpromisoaren lekukoa hartu dutela, gatazka politikoa ez dela amaitu gogorarazita. "Herri hau maite dugulako eta zuek maite zaituztegulako jarraituko dugu askatasunaren aldeko borrokan".
Kantuz girotu duten hitzorduan, guztien askatasuna dutela helburu adierazi dute; "euskal preso, iheslari eta deportatuek kalean egon behar dute" aldarrikatu dute presoen argazkiak eskutan hartu dituzten 90 eta 2000. hamarkadan jaiotako gazteek. Belaunaldi gisa hartu dute hitza Usurbilgo frontoian. Sarek urtarrilaren 9rako herrietan deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta hitzorduotan parte hartzera deitu dute. "Euskal gazteriari eta jendarteari euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte kalera ateratzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu. Hurrengo larunbatean herriz herri eta auzoz auzo kaleak beste behin ere betetzea dagokigu".
Manifestazioa Usurbilen
Urtarrilaren 9an (larunbata) arratsaldeko 17:30etan, "egun berean, ordu berean", denetariko hitzorduak izango dira 216 herrietan. "Anitzak izango dira herrietan aurrera eramango diren mobilizazioak; giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak… aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazio berezi honetan. Guztiek ordea ekimen bateratu bat eramango dugu aurrera; “argiztatutako bidea”, hau da, mugikorreko argiak baliatuz osatutako argazkia", Sarek berri eman duenez.
Usurbilen manifestazioa egingo da aipatu moduan, hilaren 9an 17:30etan Mikel Laboa plazatik abiatuta.
DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Urtarrilak 9, larunbata
17:30 Bilboko urteroko manifestazio jendetsua egingo zen egun honetan, covid19a tarteko aurten, mobilizazioak herriz herri: "Bidea gara" manifestazioa Usurbilen, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Urtarrilak 29, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.