Elurrak Andatza gaina zuritu du

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 4a, 11:12

Zurituta esnatu da Andatza astelehen goiz honetan ondoko irudietan ikus dezakezuenez. Elurra behe samarrean egin eta hala egiten jarrai dezake asteartera arte gutxienez; 200 metrotik gora zuritu dezake Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Eta elur kontuekin segiko dugu hurrengo egunetan ere; asteburuan are beherago zuritu dezake eta. 

Andatza gaina zurituta esnatu da astelehen honetan, azken orduotan bota duen elurragatik. Juanjo Estevez herritarrak ateratako irudia da ondokoa. Aspaldi ikusi gabekoa, baina datozen egunotan ikusten segi dezakeguna bai mendi gainetan eta agian baita beherago ere, abisu horian segiko baitugu elurragatik asteartera arte. 

Gaur (urtarrilak 4) 200-400  metrotan zuritu dezake. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, bereziki kantauri isurialdean. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake". 200 metrotan 4  zentimetroko ludieran, 600 metrotatik gora 2-15 zentimetrotan. Astelehen honetan (hilak 4) Usurbilen beraz, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, batez ere goizean. Trumoi-ekaitza eta txingorra izan daitezke. Ipar-mendebaldeko haizea nagusi. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da". 

Astearte arratsaldeko 18:00ak arte jarraituko dugu elurragatik abisu horian; 200-400 metrotan zuritzen segi dezake bihar ere. "Prezipitazio txikia egingo du, bereziki kantauri isurialdean, sarriago kostaldean; arratsaldetik aurrera atertzera egingo du. Kantauri isurialdean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake". 4 zentimetrotan pilatu daiteke elurra 200 metrotan, 8 zentimetrotan 600 metrotik gora.

Bihar ere (urtarrilak 5) honenbestez, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Haizea aldakor ibiliko da, goizean goiz hego-mendebaldekoa nagusi. Tenperaturan aldaketarik ez".

Elurra beherago egin dezake asteburuan
Goizegi da oraindik ezer iragartzen hasteko, baina datorren astebururako iragarpena egiten hasiak dira adituak. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera elurra oso behean ikusteko aukera egon badago, aste honen amaiera aldera. Egunotan fintzen joango dira ziur iragarpen hau.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus