Erregeentzako gutunak uzteko postontzia Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 4a, 10:30

Covid19a tarteko egokitu egin du Ziortza Gazte Elkaretak asteartean ospatuko den erregeen kabalgata. Geldiunerik gabe egingo da, aurreko urteekin alderatuta alderantzizko ibilbidea osatuko dute eta etxetik ikusteko deia egin da. Horrekin batera, beste urteetan urtarrilaren 5ean goizez gutunak helarazteko izaten den frontoiko ekitaldia ez da ospatuko. Horregatik, erregeentzako gutunak helarazteko ondoko irudietan duzuen postontzia jarri dute Sutegin.

Badatoz erregeak; hutsik egin gabe astearte honetan helduko dira Usurbila, baina noski, covid19ak eragindako pandemia tarteko, segurtasun neurri zorrotzen artean. Antolatzaileek, Ziortza Gazte Elkarteak egokitu egin behar du Meltxor, Gaspar eta Baltasarren etorrera. Beste urteetan, urtarrilaren 5ean goizez gutunak erregeen postariei helarazteko aukera izaten da frontoian. Aurten dugun osasun krisialdirekin hitzordua ez da ospatuko noski, baina alternatibarik bada; ondoko irudian duzuen postontzia. 

Ziortza Gazte Elkartekoek astelehen goiz honetan kokatu dute Sutegin; bertan egongo da gaur eta bihar. Postontzi honetan utzi ahalko dituzue aurrez erregeentzat idatzitako gutunak. Erregeengana helduko dira gutunok.

Pandemiak ez die eta eragotziko gure artera heltzea ez, baina abenduaren 24an Olentzerorekin gertatu zen moduan, prebentzio neurri zorrotzen artean iritsiko dira urtarrilaren 5ean. 

Geldialdirik gabe
Hala berri eman diote NOAUA!ri erregeen etorrera prestatzen dabiltzan Ziortza Gazte Elkarteko kideek. Abenduaren 24ko Olentzeroren bira eredu gisa hartu eta urte luzez antolatu izan duten erregeen kabalgatara egokitu dute. Honenbestez, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Usurbila etorriko dira bai datorren asteartean, hilak 5. Kalez kaleko bira egingo dute zaldi gainean urtero moduan. Horraino gutxi asko aurreko edizioekiko datorren kabalgatak izan ditzakeen antzekotasunak.

Ezberdintasun nabarmenak izango ditu eta, 2021. urte hasierakoak, covid19aren eraginez. Lehenengo aldaketa; ibilbideari dagokiona. Urdaiagatik abiatu izan da urtero errege kabalgata. Antortxeroek argiztaturiko ibilbidean Santuenea edota herri erdigunea zeharkatu ostean frontoian egin izan zaie harrera, bertan ospatu izan da azken ekitaldia eta haurrek ere Meltxor, Gaspar eta Baltasarrengana hurbiltzeko aukera izan dute. 

Astearte honetako (urtarrilak 5) kabalgatak ez du halakorik izango. Abiapuntua helmugan bilakatuko da, helmuga abiapuntuan. Astearte arratsaldeko 17:00etan abiatuko da errege kabalgata, Olarrondotik. Kaxkoan barrena itzulia egin ostean, Santueneara joango dira eta handik Urdaiagara igoko dira hiru erregeak. 

Bidea aurreko urteen antzera zaldi gainean egingo dute baina bakarrik egingo dute, antortxerorik gabe. Duela astebete Olentzerok egin zuen moduan, ez dute geldialdirik egingo. Ziortzatik eskaera argia helarazi dute; covid19a dela eta, prebentzio neurriak zorrotz betetzeko deia. Kabalgata etxetik ikusteko eskaera egin dute antolatzaileek. Covid19ari edozein ihesbide ixtea, erregeengana ez gerturatzea. Aurreko urteetan igarotzen ziren kaleak zeharkatzeko ahalegina egingo dutela erregeek, baina esandakoa, kabalgata etxetik ikusteko eskaera egiten diete herritarrei. Erregeak etxetik agurtzeko deia.


2021eko ERREGEEN KABALGATA EGOKITUA
Urtarrilak 4-5
Erregeentzako gutunak biltzeko postontzia Sutegin.

Urtarrilak 5, asteartea
17:00 Erregeen kabalgata Olarrondotik Urdaiagara. Hiru erregeek zaldi gainean egingo dute ibilbidea geldiunerik gabe. Kabalgata etxetik ikusteko deia egin dute antolatzaileek.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.