[IRUDITAN] Pailazoen ikuskizuna Oiardo Kiroldegian

Erredakzioa 2021ko urt. 4a, 20:36

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urtero legez bisitatu dute Usurbil. Oiardo kiroldegian ohi baino ikusle gutxiago hartu dituzte pandemia dela eta, baina hori ez da arazo izan haurrek inoiz ez bezala disfrutatzeko Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin. 300 haur eta helduk ikusi dute "Amaren intxaurrak" ikuskizun berria. Pailazoek Usurbilgo herriari gereziondo bat oparitu diete herrian landatu eta ikuskizunean eginiko lanketak etorkizunean ere lantzen jarraitzeko.

Ikuskizunean Marimototsen ama izan dute gogoan, duela hiru urte hil zena. Intxaurrondoa landatu zuten amaren oroimenez, bere agurrean. Intxaurrondo horrek emandako fruitutik abiatu da istorioa: intxaurrak jan ahala, Marimototsen amarekin bizitako abenturak partekatu dituzte haur eta familiekin. Behin dolua igarota, pozez daude pailazoak eta irriz begiratzen dute bai iragana, bai oraina, bai eta etorkizuna ere. Marimototsek gordeta dauzka amak emandako haziak, parkeko landare eta lore magiko guztienak. Hazi horiek guztiak erein dituzte pailazoek haur eta ikus-entzuleekin.