Abisu horia gaur amaituko da, baina elurra herrian bertan egin dezake asteburuan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 08:26

Astearte eguerdi honetan amaituko da elurragatik egunotan izan dugun abisu horia, baina asteburuan oso behean zuritu dezake berriz. Momentuz, egunotan izotzagatik abisu horian segiko dugu. Ostiraletik aurrera aipatu moduan, elurra oso behean egin dezake.

Alertan laranjan eta abisu horian izan gara azken egunotan elurragatik. Astearte eguerdi honetan amaituko da, 12:00etan. Ordura arte oraindik 200-400 metro artean zuritu dezake. "Prezipitazio txikia egingo du, bereziki kantauri isurialdean, goizaldean zenbait lekutan ertaina izan daiteke. Eguerditik aurrera atertzera egingo du. Kantauri isurialdean goizaldean ekaitzak jo eta txingorra egin dezake", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. 0-2 zentimetro artean pila daiteke 200 metrotan, 0-8 zentimetro artean 600 metrotik gora.

Astearte honetan Usurbilen, "zerua oso hodeitsu agertuko da. Prezipitazio txikia egingo du. Elur-kota 200-400 m artean kokatuko da. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarteka bizi; goizean mendebal-osagaikoa nagusituko da. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez".

Asteazkenean (urtarrilak 6), "goiz-lanbroa. Zerua tarteka hodeitsu agertuko da, behe-hodeiekin. Baliteke egunaren lehen partean prezipitazio txikia egitea. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eta arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da, tarteka bizi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Baliteke izotz txikia egitea, bereziki Gipuzkoan".

Izotzagatik hain zuzen abisu horian izango gara egunotan.

Elurra egiteko probabilitatea %60-80 artekoa asteburuan
Ostegunetik aurrera nahiko argi dirudiena da hotzaldi handiagoa datorkigula; termometroa zero graduren bueltakoa izan dezakegu zenbait uneetan. Eta oraindik zer gerta daitekeen itxaron beharko den arren, badirudi elurra oso behean egin dezakeela asteburuan; behean diogunean, 0 metrotan egin dezakeela dio AEMET-ek. Usurbilgo iragarpen zehatzari buruzko informazio bila hasi eta ikusi ahal izan dugunez, ostiralean eguerditik aurrera elurra udalerri honetan egiteko probabilitatea %60koa izango da, larunbatean %80koa. 

Euskalmet-ek ere elurra oso behean iragarri du. Datozen egunotan zehazten joango dira iragarpena. Informazio eguneratua noiznahi, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.