Sutegiko bi erakusketak bisitatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 08:32

Egunotan herritik barrena osteratxoa egitekotan bazarete, geldialditxo bat egitea merezi duten bi erakusketa aurkituko dituzue Sutegin. Kultur-etxe barrura sartu beharrik izan gabe gainera; erakusleihora hurbildu besterik ez duzue izango. 

"Mukwano Lagun"
"Mukwano-lagun Bujagalin (Uganda) erakusketa Alaitz Aizpuruaren begietatik" argazki erakusketa ikusgai izango duzue abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra arte. Abenduaren 23an ireki zuten, Mukwano-Lagun elkarteko sortzaile Sabin Gabilondoren hitzaldiarekin. 2006. urtean sortu zuen Afrikako haurtzaroa zaintzeko irabazi asmorik gabeko elkartea. Iaz, Alaitz Aizpurua bertan izan zen aipatu elkartekoekin lanean Ugandako Bujagalin. Hilabete haietako bizipenak iruditan jaso eta Sutegin ikusgai jarri ditu.

Usurbilgo sortzaileen uzta
Argazki erakusketa honen alboan, amaitzear dugun 2020. urtea agurtzeko usurbildarren sortze lanen bilduma izango duzue ikusgai urtarrilaren 7ra arte. 2020. urtean zehar Usurbilgo sortzaileek plazaratu dituzten sortze lanen bilduma. Lanok Lizardi eta Laurok liburu dendetan eta Sutegi udal liburutegian eskuratu ahalko dituzue.