Covid19ak negu hasiera honetako ospakizunak bizitzeko modua zeharo aldarazi du aurten. Baita Usurbila bidean datozen Meltxor, Gaspar eta Baltasarren plangintza ere. Pandemiak ez die eragotziko gure artera heltzea ez, baina abenduaren 24an Olentzerorekin gertatu zen moduan, prebentzio neurri zorrotzen artean iritsiko dira astearte honetan, urtarrilaren 5ean.
Hala berri eman diote NOAUA!ri erregeen etorrera prestatzen dabiltzan Ziortza Gazte Elkarteko kideek. Abenduaren 24ko Olentzeroren bira eredu gisa hartu eta urte luzez antolatu izan duten erregeen kabalgatara egokitu dute. Honenbestez, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Usurbila etorriko dira bai gaur, hilak 5. Kalez kaleko bira egingo dute zaldi gainean urtero moduan. Horraino gutxi asko aurreko edizioekiko aurtengo kabalgatak izan ditzakeen antzekotasunak.
Geldialdirik gabe
Ezberdintasun nabarmenak izango ditu eta, 2021. urte hasierakoak, covid19aren eraginez. Lehenengo aldaketa; ibilbideari dagokiona. Urdaiagatik abiatu izan da urtero errege kabalgata. Antortxeroek argiztaturiko ibilbidean Santuenea edota herri erdigunea zeharkatu ostean frontoian egin izan zaie harrera, bertan ospatu izan da azken ekitaldia eta haurrek ere Meltxor, Gaspar eta Baltasarrengana hurbiltzeko aukera izan dute.
Astearte honetako (urtarrilak 5) kabalgatak ez du halakorik izango. Abiapuntua helmugan bilakatuko da, helmuga abiapuntuan. Astearte arratsaldeko 17:00etan abiatuko da errege kabalgata, Olarrondotik. Kaxkoan barrena itzulia egin ostean, Santueneara joango dira eta handik Urdaiagara igoko dira hiru erregeak.
Bidea aurreko urteen antzera zaldi gainean egingo dute baina bakarrik egingo dute, antortxerorik gabe. Duela astebete Olentzerok egin zuen moduan, ez dute geldialdirik egingo. Ziortzatik eskaera argia helarazi dute; covid19a dela eta, prebentzio neurriak zorrotz betetzeko deia. Kabalgata etxetik ikusteko eskaera egin dute antolatzaileek. Covid19ari edozein ihesbide ixtea, erregeengana ez gerturatzea. Aurreko urteetan igarotzen ziren kaleak zeharkatzeko ahalegina egingo dutela erregeek, baina esandakoa, kabalgata etxetik ikusteko eskaera egiten diete herritarrei. Erregeak etxetik agurtzeko deia.
Gutun bilketa postontzietan
Aurten halabeharrez, bizi dugun pandemia egoera tarteko, ezingo gara erregeengana gerturatu. Haiei aurre hartuz, beste urteetan goizez frontoian egin ohi den gutun bilketa ere ez da izango oraingoan, prebentzio neurri gisara. Baina gutunak bildu bilduko dituzte, covid19a tarteko ordea beste modu batean. Sutegin postontzi bat jarri dute.
Erregeen mezua
Eguna borobiltzeko, erregeei ez zaie harrera egingo frontoian, baina urtero bertan zabaldu ohi duten mezua hedatzeko alternatibarik bilatu dute. Gaur arratsaldeko 19:00etan NOAUA! bidez helaraziko dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek haien urteroko mezua.
2021eko ERREGEEN KABALGATA EGOKITUA
Urtarrilak 4-5
Erregeentzako gutunak biltzeko postontzia Sutegin.
Urtarrilak 5, asteartea
17:00 Erregeen kabalgata Olarrondotik Urdaiagara. Hiru erregeek zaldi gainean egingo dute ibilbidea geldiunerik gabe. Kabalgata etxetik ikusteko deia egin dute antolatzaileek.
19:00 Erregeen mezua NOAUA! bidez.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.