Koronabirusa

Neurri murriztaile gehiago jai egunotako ospakizunei begira

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 10:55

Abenduaren 24, 25, 31n eta urtarrilaren lehenean gertatu moduan, neurri murriztaile gehiago izango dira indarrean urtarrilaren 5ean eta 6an ere. Eusko Jaurlaritzak abenduaren 22an onartu, 23an argitaratu eta biharamunean indarrean jarri zuen dekretuan aurreikusitakoak hain zuzen.

Horien artean, abenduaren 24an eta 31n bezala, gaur eta bihar ere, urtarrilaren 5ean eta 6an hurrenez hurren, merkataritza eta ostalaritza sektoreak arratsaldeko 18:00etan jaitsi beharko du pertsiana. Tabernek eta dendek 18:00etan itxi beharko dute honenbestez. Bihar (hilak 6) goizeko 9:00ak baino lehen ezingo dute ireki. Neurriotatik salbuetsita geratuko dira gasolindegiak, farmaziak edota zerbitzuguneak. 

Etxeratzeko agindua oraingoan ez da 00:30etara atzeratuko, egunerokoari eutsiko zaio; hau da, 22:00etan etxeratzeko agindua mantenduko da urtarrilaren 5ean eta 6an.

Etxetik kanpoko "kotilioiak edo oturuntzak egitea" ere debekatua egongo da datozen bi egunotan, "hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan".

Aurreko asteetako egun seinalatuetan gertatu zen moduan, oraingoan EAE-tik sartu edo ateratzeko debekua ezarri da.

Urtarrilaren 11n berrikuspena
Neurriok abenduaren 22an onartu zituen Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde tekniko lanak egiten dituen LABI-k. Biharamunean plazaratu zuten dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta abenduaren 24an sartu zen indarrean.

Aipaturiko neurriok egun seinalatuetarako dira; gainerako egunetan, orain arte bezala etxeratze-aginduak 22:00etan finkatua segiko du, tabernek 20:00etan itxi beharko dute, dendek 21:00etan, kultur ekitaldiek 21:00etarako amaitu beharko dute... Bestelako aldaketarik ez bada, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11n berreikusi asmo ditu neurriok. Une horretako egoera epidemiologikoaren arabera neurriok indartu edo malgutu ditzake.