Erregeen mezua: "Datorren urtean elkarrekin egotea espero dugu"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 19:00

Aurten ezin aurrez aurre harrera egin frontoian, ezin entzun haien mezua. Baina aurkitu dute alternatiba; albiste honi atxikia duzue Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek Usurbilgo herriari helarazi nahi dioten mezua. Covid19ak eragindako pandemia tarteko, ezinbestean telematikoki aurten.

Ikusi al dituzue etxe ataritik nola igaro diren? Aurten ezin izan da haiengana hurbildu, bakarrik egin behar izan dute bidea, geldialdirik gabe. Covid19ak eragindako pandemiatik babesteko segurtasun neurri zorrotzen artean, baina hutsik egin gabe etorri dira gure artera Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Eta ez esku hutsik; covid19ak ez baitie oztopatuko gaur gauean etxez etxe urtero moduan, eskatu zaizkien opariak banatzea. "Zuen zerrenda izugarri luzea izan da", adierazi dute, albiste honi atxikitako bideoan zabaldu duten mezuaren bidez.

Eskaera guztiei erantzuten ahaleginduko direla hitz eman dute hiru erregeek, baina bihar opariok zabaltzean, ingurukoekin partekatzeko deia egin dute. "Ez al da politagoa opariak partekatuta?", galdetzen dute erregeek. Gaur gauerako etxean dena prest izatea galdegin dute, jateko eta edateko pixkat bat uztea urtean behin gure artera etorri ohi diren bisitariei, "gau luzea baitugu gaurkoa".

2022an elkarrekin egoteko desioa
Datorren urtean berriz, pandemia aurretik bezala, "elkarrekin egongo garela espero dugu", desio horixe biltzen du erregeen mezuak. Aurten telematikoki zabaldu behar izan dutena, covid19agatik. Pandemiarik gabe frontoian egingo zitzaien harrera, mezua ere bertan plazaratuko zuten eta haurrak ere haiengana gerturatzeko aukera izango zuten. 

Momentuz 2022. urtera itxaron beharko da gutxienez, halako irudiren bat berriz ikusteko. Bitartean, aurtengora begira, albiste honi atxikia duzuen ikus-entzunezko lana plazaratu dute. "Film labur hau Usurbilgo herritarrek eta Ziortza Gazte Elkarteak ahalbidetu dute Usurbilgo Udalaren babesarekin. Urte Berri on!". 

ERREGEEN MEZUA
Kaixo Usurbil!
Haurtxoak, gurasoak, izeba-osabak, amon-aitonak, kaixo denoi! Aurten mundu guztian daukagun gaitz honengatik ezingo dugu zuengana hurbildu baina lasai, lasai, gure postontziak jarri ditugu eta jaso ditugu zuen gutunak. Badakigu aurtengoa urte zaila izan dela, etxetik atera gabe egon behar izan dugu eta gure senide askorengandik urruti egon behar izan dugu. Ezin izan dugu lagunekin egon, ezin izan dugu eskolara joan, ezin izan dugu guk maite ditugun horiek besarkatu eta neurri berezi batzuk jarri dizkigute. 

Baina pentsatzen dugu neurri berezi hauekin berriz ere hurrengo urtean ere prest egongo garela, eta zuek ere bai, lehengo urteetan bezala egoteko. Opariei dagokienez, zuen zerrenda izugarri luzea izan da, gu saiatuko gara opari guztiak denengana iristen baina gure asmoa opariak banatu eta zuen artean partekatzea da. Ez al da politagoa opariak partekatuta? Gaur gauean zapatak garbitu, esne beroa eta gailetak jarri. Eta zaldientzako ere zerbait jarri, gau luzea baitugu gaurkoa. Besterik gabe, datorren urtean elkarrekin egongo garela espero dugu. Urteberri ona izan eta zoriontsu bizi!