Inoiz ez gara aurkitu une honetakoa bezalako egoeran; gaur amaituko zituzten hainbatek oporrak. Urte berri baten hasieran gara eta oraingoan, inoiz baino aurreikuspen gutxiago egin daitezke datozen hilabeteetarako. 2021erako jai egun ofizialak esaterako finkatuak daude, eta ez dira aldatuko. Oso bestelakoa da ordea, ospakizunen 2021eko egutegia. Ezin jakin zer gertatuko den datozen hilabeteotan herrian errotuak dauden egun seinalatuekin.
Ziur aski, azken hilabeteotako ildoari jarraiki, batzuk ezingo dira ospatu eta bertan behera geratuko dira; beste batzuk agian, covid19aren hedapenaren arabera, unean uneko segurtasun neurri eta araudietara egokituta egin ahalko dira. Hitzordu bakoitza hurbildu ahala jakingo dugu ziurrenik, ekimen bakoitzarekin zer gertatuko den.
Mendi bizikleta gaineko martxarik ez
Momentuz, hasi berri dugun urtarrilari dagokionean, duela bi eguneko erregeen kabalgata ospatu zen, harrera jendetsurik eta geldialdirik gabe. Gutun bilketa ere Sutegin jarritako postontziarekin bideratu zuen antolakuntzak, Ziortza Gazte Elkarteak. Gainerakoan, aurreko urteetan oso hilabete lasaia izan da honako hau. Egun seinalatu bakarrenetarikoa, urtarrila amaierako finkatua izaten dute; "Irisasi BTT Hotzak Akabatzen" proba. Iaz parte hartze marka hautsi ostean, aurtengo edizioa bertan behera geratu da.
Hortik aurrerakoak ikusteke oraindik. Segidan duzue osasun krisialdirik gabeko testuinguruan izango genituzkeen ospakizun nahiz aldarrikapen egun nagusien 2021eko egutegia:
Urtarrila
Urtarrilak 5: erregeen kabalgata (kabalgata egokitua ospatu da).
Urtarrila amaiera: Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" (bertan behera geratu da).
Otsaila
Otsailak 4: Santa Ageda bezpera.
Otsailak 12-13: Inauteri Festa.
Martxoa
Martxoak 8: Emakumeen Eguna.
Martxoan zehar: Soinurbil Musika Astea.
Apirila
Apirilak 23: Liburuaren Eguna.
Apirilak 24: Dantza Eguna.
Maiatza
Maiatzak 1: Langileen Eguna.
Maiatzak 2: Andatza Eguna.
Maiatzak 15: San Ixidro Eguna.
Maiatzak 23: Sagardo Eguna.
Ekaina
Ekainak 12: Ikastola Eguna.
Ekainak 24: San Joan Eguna, Kalezarko jaiak.
Uztaila
Uztailak 2: Santixabel Eguna, Usurbilgo jaiak.
Uztailak 25: Santiyo Eguna, Zubietako jaiak.
Abuztua
Abuztuak 3: San Esteban eguna, Urdaiagako jaiak.
Abuztuak 16: San Roke Eguna, jai eguna Kalezarren.
Abuztuak 27-29: Atxegaldeko jaiak.
Iraila
Irailak 17-19: Santueneko jaiak.
Irailak 19: Baxurde Krosa.
Urria
Urriak 4: San Praixku Eguna, Aginagako jaiak.
Azaroa
Azaroak 1: Artisautza Azoka.
Azaroan: NOAUA!ren Kulturaldia.
Azaroak 22: Santa Zezili, musikarien eguna; Zumartekoen ospakizun eguna.
Azaroak 25: Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna.
Azaroak 28: Erle Eguna.
Abendua
Abenduak 1: Mikel Laboa gogoan.
Abenduak 3: Euskararen Eguna.
Abenduak 8: Usurbilgo Odol Emaileen Eguna.
Abenduak 19: San Tomas Azoka.
Abenduak 24: Olentzero eta Mari Domingiri harrera egiteko kantu saioak.
Abenduak 26: San Esteban Txiki Eguna.
Abenduak 31: Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa.