Zurituta esnatu zaigu herria izotzagatik, asteburuan elurra egin dezake

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 7a, 07:20

Negu giro betean gara bistan denez. Gau eta goiz izoztuak bizitzen ari gara eta ildo beretik segiko dugula dirudi. Abisu horian segiko dugu hurrengo egunotan tenperatura baxuagatik eta izotzagatik aipatu moduan. Asteburuan gainera elurra egin dezake oso behean, baita herrian bertan ere. 

Azken egunotan bezala zurituta esnatu da Usurbil, eta ez elurragatik noski, izotzagatik baizik. Urte garai honi dagokion moduan, tenperatura oso baxuak izaten ari gara egunotan eta bide beretik segiko dugula diote iragarpenek. Asteburuan gainera, elurra egin dezake Usurbilen bertan. 

Abisu horian segiko dugu azken orduotan bezala datozen egunotan ere izotzagatik. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "barnealdean izotz txiki-handia egingo du". Baina baita kosta partetik hurbil ere. Ostegun honetan, "baliteke kostaldeko zenbait lekutan gauean izotz txikia egitea. Egunaren erdiko orduetan izotza mendi inguruetan egingo du". Ostiralean eta larunbatean ere berdin.

Larunbatean elurra, 0-200 metro artean
Hortik aurrera elur kontuak; iragarpena egunez egun aldatzen doa. Aste hasieran ostiralerako elurra oso behean egin zezakeela zioten aurreikuspenek. Gaur (hilak 7) badirudi, larunbatean elurra egin dezakeela Usurbilen bertan. Larunbat goizaldeko 06:00etan abisu horia jarriko dute indarrean elurragatik. "Elur-kota 0-200 m artean kokatuko da. Goizaldean Araba hegoaldean prezipitazio txikia egin dezake eta goizean prezipitazioa iparralderantz mugituko da. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egingo du, probabilitate handiagoarekin barnealdean eta bertan baliteke zenbait lekutan ertaina egitea, bereziki arratsalde-gauean", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. 

Zuritu dezake baina ez da aparteko elurterik espero Usurbilen bertan. 2 zentimetroko lodieran pila daiteke elurra 200 metrotan, 15 zentimetrotan 600 metrotik gora. Egunotan behatzen segi beharko da egunotarako iragarpena. Informazio eguneratua helbide honetan jaso dezakezue noiznahi: euskalmet.eus