Egungo osasun krisialdian egongo ez bagina, urtarrila heltzearekin batera euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi eta euskal presoak euskal herriratzeko manifestazio jendetsua deituko zuen Sarek Bilbon larunbat honetan bertan, urtarrilaren 9an. Covid19-ak ordea halako hitzordu bat antolatzea eragotziko zuela ikusita, herriz herri mobilizatzeko deia egin du Sarek.
Hala, larunbat arratsaldeko 17:30etan, "egun berean, ordu berean", denetariko hitzorduak izango dira 216 herrietan. "Anitzak izango dira herrietan aurrera eramango diren mobilizazioak; giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak… aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazio berezi honetan. Guztiek ordea ekimen bateratu bat eramango dugu aurrera; “argiztatutako bidea”, hau da, mugikorreko argiak baliatuz osatutako argazkia".
Urruntze politikaren aurka, gradu progresioaren alde
Usurbilen Sare taldeak deituta, manifestazioa egingo da herriko kaleetan barrena "Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako bidea gara" aldarripean, 17:30etan Mikel Laboa plazatik abiatuta. "Guk urte berri honi, urtero egiten dugun eran emango diogu hasiera; kalean. 2021. urte honetan ordea, Bilboko kaleak ez ezik beste 216 kale beteko ditugu aldarriz, itxaropenez, eta aldaketa gogoz", eta bi aldarriren bueltan: urruntze politikaren amaiera eta beraz, euskal presoen euskal herriratzea eskatzeko; eta baita etxerako bidea errazteko ezinbestekoa duten gradu progresioa ezartzea exijitzeko ere.
Mobilizazioak "osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta" egingo dira. "Leku zabaletan, non guztiok izango dugun aukera bakea, konponbidea eta bizikidetza aldarrikatzeko”.
DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Urtarrilak 9, larunbata
17:30 Bilboko urteroko manifestazio jendetsua egingo zen egun honetan, covid19a tarteko aurten, mobilizazioak herriz herri: "Bidea gara" manifestazioa Usurbilen, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Urtarrilak 29, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.