Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, larunbaterako "negu gordineko eguraldia" izango dugu. "Filomena" izena jarri dioten denboraleak elurra ekarriko du larunbatean oso behean; 0-200 metro artean egin dezake inguruotan. "Prezipitazioa hegoaldetik iritsiko da eta Araba eta Nafarroa hegoaldeko zenbait lekutan, goizaldetik elurra egingo du".
Inguruotara badirudi, eguerdi partetik aurrera helduko dela elurra. "Goizean zehar, elurra iparralderantz hedatuz joango da eta eguerditik aurrera prezipitazioa ia denera iritsiko da eta ugariagoa izango da, batez ere barnealdean; litekeena da kostaldean ere elurra egitea, bereziki Gipuzkoan", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Usurbilerako egin duen iragarpenean, "goizetik aurrera zerua estalita egongo da eta prezipitazio txikia egingo du noizbehinka; baliteke elurra edo elur-bustia egitea. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Aurretik, ostiral honetan "zerua hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Zirimiria egin dezake. Ipar-ekialdeko haizea nagusi. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Abisu horian
Egunotan bezala abisu horian segiko dugu ostiral honetan ere "muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik". Gaur ere zurituta esnatu dira teilatu, belardi eta zelaiak. Euskalmet-ek ohartarazi duenez, "kostaldeko zenbait tokitan izotz txikia egin dezake, bereziki Gipuzkoan. Egunaren erdiko orduetan izotza mendi inguruetan egingo du".
Eta hala jarraituko du larunbatean ere. Abisu horia ere indarrean izango da bihar elurragatik. "Elur-kota 0-200 m artean kokatuko da. Goizaldean Araba hegoaldean prezipitazio txikia egin dezake eta goizean prezipitazioa iparralderantz mugituko da. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egingo du, probabilitate handiagoarekin barnealdean eta bertan baliteke zenbait lekutan ertaina egitea, bereziki arratsalde-gauean". 200 metrotan 2 zentimetroko lodieran zuritu dezake, 15 zentimetrotan 600 metrotik gora.
Igandean ere abisu horian segiko dugu bezperan bezala, tenperatura baxuengatik eta izotzagatik alde batetik, eta elurragatik baita. Elurrari dagokionean ordea, igande goizaldean 200 metrotan zuritu dezakeen arren, "300-500 m-ra igoko da eguerdi partean, eta 200 m-ra jaitsiko da gauean" berriz. Elur gutxi egingo du halere inguruotan. "Goizaldean prezipitazio txikia egin dezake. Gainontzeko orduetan noizbehinka prezipitazio txikia egin dezake kantauri isurialdean, batez ere mendebaldean". 200 metrotan 2 zentimetrotan pilatu daiteke elurra, 6 zentimetrotan 600 metrotik gora.
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus