Hiru urte Joxan Artze zendu zenetik, bere oroimenak bizi asko dirau ordea. Iaz bezala, urtarrilaren 7tik 15era berari idazteko liburua herritarren eskura jarri dute Sutegi udal liburutegian. “Idatzi txiki bat, poema bat, Joxan gogoan bihotzetik ateratzen zaigun hori idatzi ahal izango dugu bertan”. Horrekin batera, liburutegiak Artzeren liburuak ikusgai jarri ditu kultur etxeko erakusleihoan; urtarrilaren 17ra arte.
Gogoan izan bilduma horretara batu den azken sortze lana "Txalaparta. Tradizioaren abaroan" dugu; hain zuzen, amaitzeke utzi zuen bere azken lana. Iragan azaroan aurkeztu zuten, Artzek utzi bezala. "Artzek utzi bezala argitaratu nahi izan dugu, bere azkeneko egunera arte eutsi ziolako proiektu honi eta originalagoa eta egiazkoagoa iruditu zaigulako bere horretan argitaratzea", adierazi zuten aurkezpenean Elkar argitaletxekoek. Zendu zen unean sortze lan hau garatzen hasia zuen, baina Elkarretik nabarmendu nahi izan zutenez, "ezin da esan amaitu gabeko liburu bat denik, gure ustez amaierarik ez duen liburu bat da".