Bi antzerki labur eskaini dituzte Sutegin

Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 10:33

"Mundu berri bat" eta "Maita(k)ale" antzerki laburrak eskaini dituzte Sutegin Udalak eta Hitz Aho guraso elkarteak antolatuta. Gazte batzuk elkartu dira bi antzerkiak ikusteko, bi kasuetan, bi antzezlerekin osatutakoak izan dira antzerkiak. 

Lehenengo, "Mundu berri bat" antzeztu dute, autobusaren geltokian topo egin duten bi pertsonaren istorioa. Autobusa hartu edo ez hartu, hortxe koxka. Sufrimenduz beteriko bizitza atzean utzi eta alde egin, edo bertara itzuli eta aurrera egin. Galdera horri aurre egin behar izan dio protagonistetako batek. "Maita(k)ale" antzezlanaren kasuan, Meetic kontaktu webgunean ezagututako bi gazteren istorioa kontatu dute, %85eko bateragarritasuna bai, baina gainontzeko %15aren baitan dago bikotearen etorkizuna. Lehen zita izan dute, baina ez da nahi izan duten bezela joan. Manifestazio batean egin dute topo, eta hor topatu dute urruntzen dituen %15a. Zer da garrantzitsuagoa, elkartzen dituen %85a edo erabat urruntzen dituen %15a?