Abisu horian segiko dugu elurragatik igande goizera arte

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 9a, 17:52

Larunbat arratsaldeko 15:00ak pasatxoan lehen elur malutak ikusi ditugu Usurbilen, gerora beste zenbait uneetan baita. Momentuz besterik ez. Abisu horian segiko dugu igande goizeko 9:00ak arte, elurragatik, tenperatura baxu eta izotzagatik.

Momentuz larunbat arratsaldean zehar elur maluta batzuk baino ez ditugu ikusi Usurbilen, baina datozen orduotan zuritu dezakeela dio Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Elurra 0 metrotan egin eta hiru zentimetroko lodieran pilatu daiteke. "Arratsaldeko lehen orduetan kantauri isurialdearen barnealdean egingo du. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egingo du, barnealdeko zenbait lekutan ertaina egin dezake, bereziki arratsaldean; orduan prezipitazioa elur moduan leku askotan egingo du". Abisu horian izango gara hain zuzen elurragatik.

Abisu horian segiko dugu igande goizaldeko 9:00ak arte. Bihar (urtarrilak 10), "elur-kota goizaldean 100 metro inguruan egongo da eta prezipitazio txikia egingo du, bereziki barnealdean; gero hegoaldera mugatuko da prezipitazioa, eta atertzeko joera izango du. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egin dezake noizbehinka kantauri isurialdean eta elur-kota 200-500 metrora egongo da", Euskalmet-en arabera.

Tenperatura baxuengatik eta izotzagatik indarrean den abisu horian segiko dugu bihar ere; "barnealdean izotz txiki-handia egingo du. Kostaldeko zenbait tokitan izotz txikia egin dezake, bereziki Gipuzkoan. Egunaren erdiko orduetan izotza mendi inguruetan egingo du". Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus