Bidegile ilara luzea, Sarek deitu duen manifestazioan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 9a, 19:53

Herritarren babes zabala izan du Sarek deituta "etxerako, elkarbizitzarako, bakerako bidea gara" aldarripean, larunbat arratsalde honetan, Usurbilen egin den manifestazioak. Bidegile ilara luze batek euskal presoen etxeratzea eskatu du. Usurbilen bezala, guztira Euskal Herri luze zabaleko 238 udalerrietan denetariko ekimenak egin dira, covid19agatik Bilbon egin ezin izan den mobilizazio jendetsuaren ordez.

Bidelariz bete dira herriko kaleak negu giro beteko larunbat arratsalde honetan; euskal presoen etxeratzeko bidea marraztera, argitzera irten dira Sarek deituta, "etxerako, elkarbizitzarako, bakerako bidea gara" aldarripean, Usurbilen egin berri duten manifestazioan. Euskal presoen etxeratzea eskatu dute frontoian hasi eta Kaxkoko kaleak zeharkatu dituen mobilizazioko parte hartzaileek. Manifestazioa ezinbestean, egun covid19-ak baldintzatuta egin da; manifestariak lerroetan eta musukoekin ziren.

Hemen bezala, guztira Euskal Herri luze zabaleko 238 udalerrietan denetariko ekimenak burutu dituzte Usurbilgoa hasi den ordu berean, 17:30etan. Gogoan izan, izatez, urte hasiera honetan Bilbon eta Baionan egingo zen ekimen jendetsu bana, aurrekaririk ez duen osasun krisialdi betean izango ez bagina. Covid19-ak ordea, agerikoa denez, eragotzi egin du halako mobilizazio handi bat egitea eta Sarek herriz herri, auzoz auzo mobilizatzeko gonbita luzatua zuen Bilboko manifestazioa egingo zen ordu eta egun berean, larunbat arratsalde honetan, 17:30etan. Guztira 238 herrietan egin dira mobilizazioak nahiz udalerri gehiago diren, 414 Sareren arabera, gaurko deialdiekin bat egin dutenak. 

Herrien babesa soilik ez, euskal gehiengo sindikal, politiko eta sozialaren babesa izan dute Sareren herrietako deialdi hauek, goizean Bilboko Euskaldunan egin duten agerraldian bildutako ordezkaritza zabalak argi utzi duen moduan. Bertan izan dira, EAJ, EH Bildu, Podemos Euskadi eta Nafarroa eta Geroa Bai alderdietako kideak. Euskal sindikalgintza osoa ere ordezkatua egon da: ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT. Eta haiekin, unibertsitate, kirol, kultura eta beste hainbat arloetako norbanakoak. Kataluniako ERC, Junts. eta Cup-en babesa jaso dute.