Sare: "Gaur beste pauso bat eman dugu marraztutako bide horretan"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 9a, 19:31

Milaka herritar mobilizatu dira gaur Euskal Herri luze zabalean, tartean Usurbilen, "guztiak ere gogo eta nahi beraren baitan elkartu gara; bidean aurrera egitea, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egiteko". Eta bide horretan beste pauso bat eman dela nabarmendu du Sarek, larunbat arratsalde honetako manifestazio amaieran frontoian plazaratu duen adierazpenean. Segidan duzue adierazpena osorik. Maddi Zuloaga herritarrak girotu du kantuan manifestazio hasiera eta amaiera.

SAREREN ADIERAZPENA
Zorionak! Usurbilgo kaleak bete ditugu.

Eskerrik asko guzti-guztioi aurtengoan ere zailtasunak zailtasun hemen izateagatik eta zorionak herriz herri hau antolatzen ibili zareten pertsona guztiei, baita ere hemen batu garenoi. Irudi ederra sortu dugu gaur Euskal Herriko luze zabalean, bejondeigula. Gaurko egunez, urtez urte Bilbon elkartu gara milaka eta milaka pertsona. Aurtengoa herritar horiek guztiak gure herrietan batu gara, ezohikoa, ia ia sinestezina eta gogorra izan den 2020. urtea atzean utzi eta 2021ari hasiera emateko.

Baina hemen gaude beste urte batez, aldarri berberaren baitan, La Casillarik gabe baina gure herriko plazan. "Bidea gara" lelopean irten gara kalera. Norbere eran, bakoitzak bere ideiak soinean eta norbere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berberaren baitan; etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Pozgarria da azken urte hauetan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea, elkar ulertzea, elkar entzun eta hitz egitea. Aurrerapauso ugari eman dira enpatia eta giza eskubideak oinarri. Bizipen anitzeko norbanakoen ahaleginari, arlo sindikal, instituzional, sozial eta politikotik etorritako adostasun eta akordioek egin diote ekarpena. Azalean sufritu eta zauriak dituztenen ahots batzuk ere entzun ditugu, egoera hau aldatzearen alde. Elkarbizitzarako nahia agerian utzi digu, herri gisa aurrera egiteko gogoarekin batera. Horretarako salbuespenezko espetxe politika behin betiko amaitzea beharrezkoa dugu ordea, ezinezkoa baita aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. 

Ezin da aurrera egin, senideak eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe. Larriki gaixo diren gurasoak, espetxean egoera biziki larriak mantendu edota presoei ezarritako etxeratze prozesua ahalbideratzen dien gradu progresioa ukatu. Garrantzitsuak dira konponbiderako ere, Frantzian eta Espainian azken urte eta hilabeteetan eman diren aldaketak. Frantzian Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunak itxaropen bide berriak zabaldu ditu, Fiskaltzaren blokeo jarrera hautsiz. Espainian berriz presoen leku aldatzeak eta gerturatzeak jarrera aldaketa ematen ari dela erakusten du. Nahikoa ez izan arren aukera badela, bidea badela erakusten digu. 

Eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori finko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili. Baina badugulako ere ibiltzeko bidea. Gu gara horretarako bermea, gu gara bidea. 

Sei eskaera ekarri nahi izan ditugu gaurkoan hona, aurrera begira ere bide honen baitan jorratu nahi ditugunak:
1-Lehenengoa, euskal presoen euskal herriratzea, urruntze politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.

2-Bigarrena, euskal preso guztien gradu progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta espetxeratze prozesua egin dezaten.

3-Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea, senideen babes eta konfiantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.

4-Laugarrenik, adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.

5-Bosgarren, aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola, preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.

6-Eta seigarrenik, kontuan hartzea, Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginez.

Oinarrizko eskakizunak dira hemen bildutakoak. Elkarbizitzarako bidean ematen ari garen urratsekin batera garatu beharrekoak. Gaur beste pauso bat eman dugu marraztutako bide horretan. Gaur milaka lagun batu gara herriz herri, bizipen anitzeko pertsonak, pentsamendu ezberdinekoak, minak eta esperantzak barnebiltzen ditugunak. Baina guztiak ere gogo eta nahi beraren baitan elkartu gara; bidean aurrera egitea, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egiteko. Milesker eta zorionak!