Sarek deituko ditu aurrerantzean, azken ostiraletako mobilizazioak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 9a, 18:54

Urte amaieran iragarri zuten moduan, Sarek hartu du Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen lekukoa eta aurrerantzean herri eragile honek deituko ditu hilabeteko azken ostiraletako elkarretaratzeak. Datorrena, aldaketarik ez bada, urtarrilaren 29an 20:00etan Mikel Laboa plazan.

47 urtez lehen aldiz errepresaliatu politikorik gabe agurtu zuen Usurbilek 2020. urte ahaztezina. Berriari lekuko aldaketa batekin ekingo diote; "Bidea Gara" aldarripean gaur arratsaldean egin den manifestazioarekin batera, aurrerantzean azken ostiraletako elkarretaratzeak ere Sarek deituko ditu. Modu honetan, Sarek hartuko antolaketa lanetan Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak izan duen lekukoa. Hala iragarri zuten, urtea amaitzeko abenduaren 31n frontoian egin zen "2021ean aske-opa!" mobilizazio berezian. 

Duela aste batzuk berri eman zuten moduan, historikotzat jo daitekeen ezohiko urtea agurtu zuten. 47 urteetan lehen aldiz, errepresaliatu politikorik ez baitu Usurbilek, azaroa hasieran Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideak baldintzapean aske geratu ostean. 2018ko ekainean, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada kalean behar zuten; azkenean ordea, azaroan irten ahal izan zuten Aranjuezko espetxetik.

Hurrengo mobilizazioa, urtarrilaren 29an
Egun aipatu moduan Usurbilek ez du errepresaliatu politikorik baina Euskal Herriko beste hainbat udalerriek bai. Oraindik orain, 218 euskal herritar daude preso. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izan arte, 2021. urte honetan ere mobilizatzen segitzeko beharra azpimarratu zuten hitzordu hartan.

Datorren mobilizazioa honenbestez, urtarrileko azken ostiralean, hilaren 29an; Sarek deitutako elkarretaratzea iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.