"Hamaika gara"

Erreferendumaren alde sinatzeko deia egin du Gure Eskuk

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 11a, 09:47

Etxez etxe banatu duen eskuorrian, "Hamaika Gara" erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboan parte hartzeko deia egin du Gure Eskuk.

Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abian du iaztik Gure Eskuk hamaikagara.eus atariaren bidez. Bertan eman dezakezue atxikimendua. “Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da ‘Hamaika Gara’ egitasmoa”. Horretarako zabaldu du Gure Eskuk hamaikagara.eus ataria. Bertan aurkituko dituzue kanpainaren xehetasunak eta albiste honetan  beherago duzuen manifestua. 

Kanpaina honetan parte hartzeko deia egin du Usurbilgo Gure Eskuk, etxez etxe banatu duen eskuorrian. Bertan gainera, 2013. urtean sortu zenez geroztik erabakitze eskubidearen alde jorratu duen bidea gogorarazi digute.

GURE ESKUREN DINAMIKA
-2013: Gure Esku Dagoren sorrera, "herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da" printzipioetan oinarrituta.
-2014/06/08: 150.000 laguneko giza-kate historikoa Durangotik Iruñeara. Ehunka usurbildarrek parte hartu zuten Uharteko (Nafarroa) giza-kate zatian.
-2014/11/08: Eskoziak egindako galdeketagatik zoriontzeko, Kataluniako azaroaren 9ko galdeketa babestu eta "euskaldunok gure bidea eraikitzen ari ginela" adierazteko mosaiko erraldoia Donostiako Zurriola hondartzan.
-2015eko maiatza: herriz herri banatutako oihal zatietan asmoak eta itxaropenak islatu zituzten usurbildarrek eta milaka herritarrek.
-2015/06/21: herriz herri banatutako oihalak hiriburuetan elkartu eta hautestontzi erraldoiak sortu ziren, "Euskal Herria erabakiaren aroan sartzen zela aldarrikatuz".
-2016/03: herritarren borondatea islatzen zuten kriseiluak aireratu ziren, "herri galdeketarako bidea argitu asmoz".
-2016. urte amaiera: Euskal Herriko 208 herrietan egin zuten moduan, Usurbilek ere herri galdeketa gauzatzeko konpromisoa hartu zuen. Atxikimendu bilketaren hasiera.
-2017/05/07: ehunka herritarren parte hartzea herri galdeketan.
-2017/10/01: galdeketa egun hartatik, hamaika elkartasun ekimen Kataluniari babesa adierazteko.
-2018/06/10: 175.000 herritarrek osatutako giza-katea erabakitze eskubidearen alde. Usurbil eta Aginaga zeharkatu zituen. Amaieran, albiste honi atxikitako herri argazkia atera zuten Dema plazan.


HAMAIKA GARA, ERREFERENDUMAREN ALDE
Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posible egingo dugu. Bidea hasia dugu eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak.

Bizitza duina nahi dugu denontzat, eta ezinbestekoa dugu, beraz, bizitza erdigunean jartzea, eta zaintza lanak modu orekatuan berrantolatzea, pertsonen arteko harremanak eta lurrarekin eta gainerako animaliekin ditugunak eraldatzea. Justizia soziala iparrorratz, ekonomia herritarron beharren arabera antolatu nahi dugu, enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu. Gure etorkizun politikoa eraikitzea gure ardura da, eta hemen erabaki behar dugu.

Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo hizkuntza. Inor ez da ilegala; eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu. Zentzu horretan, emakumerik gabeko erabaki guneek ez dute zilegitasunik.

Erabakiak geroz eta gutxiagoren artean hartzen dituztenak daude balantzaren alde batean; eta guk herritarron indarra jarri behar dugu bestean. Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu. Izan ere, komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du, herritarrok erabakitzea baita gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza. Elkarrekin erabakitzeak egiten gaitu herri.

Herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Gure lurraldearen estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko aukera izan nahi dugu. Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu.

Ez dugu edozein modutan erabaki nahi, oinarri batzuen baitan baizik: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz, eta aukera politiko guztiei bide emanez. Erabaki nahi dugu, betiere, guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu eta zabaltzeko baldin bada, eta inoiz ez horiek murrizteko edo gutxiengoen aurka egiteko. Funtsezkoa da elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztien oinarri izatea, denok parte izan gaitezen.

Urrats eraginkorrak egiteko unea da, eta eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea. Denok dugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete dezake berea. Guztion ardura da. Eta herritarrok martxan gara.