Koronabirusa

Eskola Kirolaren eta dantza taldeen jarduera baimendu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 11a, 15:18

Covid19ari aurre egiteko neurri multzo berria iragarri du Eusko Jaurlaritzak asteazkenetik aurrera. Orohar aurreko asteotakoei eustea erabaki dute, baina badira aldaketak; Usurbilek 100.000 biztanleko 500etik beherako intzidentzia metatua duela kontuan izanda, Eskola Kirolak edota Orbeldi Dantza Taldeak urriaz geroztik etenda zuten jarduera berreskuratu ahal izango dute, asteazken honetatik (urtarrilak 13) aurrera.

Hortxe azken orduko albistea; astelehen eguerdi honetan bertan, LABI aholku batzorde teknikoak egin duen bileraren ostean, covid19ari aurre egiteko neurri multzo berria iragarri du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburuak. 

Orohar, orain arteko neurriei eusteko asmoa agertu du Jaurlaritzak, baina badira zenbait aldaketa nabarmen. Hilabeteotan bezala, 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia metatuan jartzen segitzen du marra gorria Eusko Jaurlaritzak. Intzidentzia tasa handiagoa duten udalerrietarako neurri batzuk jarriko dira indarrean, hortik behera direnei (tartean Usurbilen) beste batzuk. 

Osasun Sailak astelehen honetan kaleratu duen txosten epidemiologikoaren arabera, 100.000 biztanleko 142,68ko intzidentzia tasa du Usurbilek, 500etik beherakoa honenbestez. Eta horrek neurri batzuk malgutzea ekarriko du; udalerri honetan bereziki Eskola Kirolari edota Orbeldi Dantza Taldearen jardunari eragingo diotenak. Taldeok urrian bertan behera utzi behar izan duten dinamikari berrekin ahalko diote eta. 

Covid19ari aurre egiteko neurri multzo berria
Noiztik indarrean: urtarrilak 13, 00:00etan.
Noiz arte: hasiera batean 20 egunerako. Egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera, epe hau mantendu, luzatu edo laburtu dezakete.

EAE osoko udalerrietan mantenduko diren neurriak
-EAE-ren itxiera perimetrala.
-Gehienez 6 laguneko bilkurak.
-Etxeratze-agindua 22:00-06:00 artean.
-Gurtzeko guneetako edukiera gehienez %35ekoa izatea.
-Musika emanaldiak eta entseguak bertan behera uztea.
-Tabernen itxiera ordutegia: 20:00-06:00 artean.
-Merkataritzaren eta kultur jardueren amaiera ordua: 21:00.

EAE osorako neurri berriak
-Norberak bizilekua duen lurralde historikoko pertsonen sarrera eta irteera murrizketa. Usurbildarrei Gipuzkoatik sartu eta irteteko mugikortasuna mugatuko zaie.
-150 metro karratutik gorako merkataritza establezimenduetan %40ra murriztuko da edukiera, %60ra 150 metro karratutik beherakoetan.

100.000 biztanleko 500 kasutik beherako intzidentzia tasa duten udalerrietan (tartean Usurbilen):
-Eskola Kirola baimendua, soilik entrenamendu saioetarako. Entrenamendu hauetan gehienez 6 pertsonako taldeak osatu ahalko dira, taldeon osaera ezingo da aldatu eta aldagelak ezingo dira erabili.
-Profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak baimendu dituzte. Antzerkigintzak dituen antzeko baldintzak ezarriko zaizkie dantza taldeei. 
-Jokoaren eta apustu sektoreko lokalen irekiera baimendu dute, ostalaritza sektoreari aplikatzen zaizkion antzeko baldintzetan.

100.000 biztanleko 500 kasutik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan:
-Udalerriko konfinamendu perimetrala ezarriko da.
-Alboko udalerrietara joateko salbuespenak ezabatuko dira.
-Taldeko kirol jarduerak etenda geratuko dira.
-Ostalaritza eta apustuen sektoreko guneen itxiera.