EHU-k Joan Mari Torrealdairi Potxoenean eginiko elkarrizketak, Udalaren web orrialdean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 12a, 08:58

EHU-ren Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak 2019. urtean Joan Mari Torrealdairi Potxoenean eginiko elkarrizketa sorta plazaratu du berriki Usurbilgo Udalaren usurbil.eus atariak.

2019. urtean Usurbilgo Potxoeneako goiko ganbaran Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketa sorta bat bildu du Usurbilgo Udalak sarean duen usurbil.eus web orrialdean. Zehazkiago esanda, atari horretako "Multimedia Txokoa" izeneko atalean. "Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak iaz Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketen bideoak pasatu dizkigu, eta gure Multimedia Txokoan jarri ditugu", berri eman zuen udal atariak urte amaieran. 

Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan, MHLI, ikerketa taldeak 2011. urtean du jatorria. "Proiektua 2011tik dator, Donostian ospatutako Gerra Zibila eta Memoria Historikoa Iberiar Penintsulako Literaturetan Nazioarteko I Mintegitik. Mintegiak iberiar penintsulako hizkuntzetan agertzen den Gerra Zibilaren inguruko memoria historikoa aztertzeko oinarri teoriko eta metodologikoak ezarri zituen, eta mintegiaren harira agerian geratu ziren ikergai, metodologia eta kontzeptu multzo komunak. Ordutik, proiektua haziz eta helduz joan da, lortu dituen proiektuei esker (EHU, Eusko Jaurlaritza, MINECO). Gaur egun, taldeak zentsuraren inguruko ikergune oso bati heldu dio, zeinetan lantzen den zer harreman izan dituen oroimen historikoak 1975-2015 bitartean zentsurarekin, transmisioarekin eta instituzionalizazioarekin".

Ikuspegi diziplinartekoa
Taldearen helburua "memoria historikoaren errepresentazioak ikertzea da (artearen genero fikzionaletan oro har, baina baita saiakera, kazetaritza eta bestelakoetan ere), bereziki XX. eta XXI. mende hasierako euskal kulturaren eta eremu iberiarraren esparruetan. Beraz, taldeak ikuspegi konparatzaile eta diziplinartekotik jorratzen du ikergaia, kontuan hartuz bai mintzaira artistiko bakoitzaren berezitasunak bai eremu iberiarraren baitako eremu nazional eta kultural ezberdinen nolakotasun partikularrak ere".

Iragan uztaila amaieran zendu zen Joan Mari Torrealdairi 2019. urtean Potxoenean elkarrizketa sorta egin zion ikerketa talde honek. Bideoz jaso zituzten eta Usurbilgo Udalari helarazi zizkioten berriki. Orain aipatu moduan usurbil.eus atariko "Multimedia Txokoa" izeneko atalean dituzue ikusgai. Zentsuraz, Egunkariaz edota euskal kultur ekoizpenaz mintzo da Torrealdai elkarrizketa hauetan.