Koronabirusa

Baimendutako kultur eta kirol ekintzei buruz Jaurlaritzak dioena

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 12a, 12:51

Kirol arloko ekintza anitz edota dantzari lotutako entsegu saioak baimenduak egongo dira Usurbilen asteazkenetik aurrera, 500etik beherako intzidentzia izateagatik. Baina zer dio zehazki Eusko Jaurlaritzak gaur plazaratu duen dekretuak eskaintza hauei buruz? Hemen dituzue arlo hauei lotutako paragrafoak.

EUSKO JAURLARITZAREN DEKRETU BERRIA
Kultura-jarduerak, -ikuskizunak eta -ekitaldiak.
Dantza-talde ez-profesionalen entseguei berrekitea baimentzen da, eta, nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren, maskara erabiltzearen eta kontaktu fisikorik gabeko sei laguneko taldeen prebentzio-baldintzak.

Kirola.
Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, jarduera fisiko handiko aparteko uneetan, eta lehiaketetan.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, honako arau hauen arabera garatu ahal izango da kirol-jarduera:

– Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

– Lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea.

– Eskola-kiroleko entrenamenduei berrekin ahal izango zaie, eta gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Horretarako behar diren udal-instalazioak prest daudenean berrekingo zaie, betiere.

– Entrenamenduetan, joan-etorrietan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.

– Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, % 50eko gehieneko edukiera baimenduko da. Kirola bakarka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez 6 laguneko taldeetan. Taldeka ematen diren eskoletan, gehienez 6 lagunek parte hartu ahal izango dute talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

– Aldagelak erabili ahal izango dira betiere gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta ireki aurretik eta itxi ondoren ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu.

– Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

Dekretu osoa hemen: Eusko Jaurlaritzaren dekretua