Gertuago.eus

Udal diru-laguntza lerro berria ostalarientzat

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 12a, 08:05

Udal diru-laguntza lerro berria iragarri zuen urte amaieran Usurbilgo Udalak, jada bi itxialdiei aurre egin behar izan dieten ostalarientzat. 

1.000 eurora arteko laguntzak (700 euroko laguntza finkoa gehi beste 300 euro jasotzeko aukera, hornikuntza gastuak herriko komertzioetan eginez gero). Abenduaren 29ko Tokiko Gobernu Batzordean onarturiko deialdi honen oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera bideratu ahalko dira eskabideak. 40.000 euro bideratu ditu Udalak egitasmo honetara.

"Usurbil bizirik nahi dugu"
Garai zaila bizi du herri merkataritzak bezala ostalaritzaren sektoreak ere. Iragan martxoan egun batetik bestera, etxean konfinatu gintuzten unean hiru hilabeteko itxialdiari aurre egin behar izan zioten; covid19aren hedapena hazi, eremu gorrian sartu eta gutxira azaroaren 7an hilabeteko bigarren itxialdiari egin behar izan zioten aurre. Arau moduan finkatua du jada Eusko Jaurlaritzak, udalerri batek 100.000 biztanleko 500etik gorako intzidentzia izanez gero itxi egingo dela ostalaritza sektorea. 

Bizi dugun ezohiko testuinguru hau nabarmen kaltetzen ari dira ostalariak. Udalak egoera zail honi aurre egitera bideratuko du asteotan iragarri duen laguntza. Ez da ordea sektore honetara zuzendu duen inbertsio bakarra izan. Urte amaieran langileokin batera Udalak Mikel Laboa plazan eginiko agerraldian iragarri zuen moduan, "tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea laguntzen jarraituko dugu". Helburu argi batekin; "Usurbil bizirik nahi dugu".  

Azken hilabeteotan, hainbat laguntza lerro jarri dituzte martxan; ekainean plazaratu zuten "Gertuago" erosketa-bonuen egitasmoa. Bigarren fasean ostalariak ere sartu ahal izan ziren. Herritarrek %80ko deskontuan erosi ditzakete bonuok eta gainerako %20ko ekarpena Udalak egiten du. Bigarren itxialdiaren ostean gainera, terrazak babesteko lanketa bideratu zuten tabernariek eta Udalak, "karpak jartzeko aukerak erraztuz". Urriaren 16an Usurbilgo Udalak Tokiko Gobernu Batzarrak covid19-ak kolpatutako Usurbilgo merkataritza eta ostalaritza sektoreak lagundu eta indarberritzeko "jarduera ekonomikoa prestatzera bideratutako inbertsioak diruz laguntzeko oinarriak onartzea erabaki zuen".