Erregaia eramanez nekez lortuko da erraustegia gelditzea
Erraustegia Erabakia plataformak 2016an Usurbilen antolatutako galdeketan, partaideon %98ak ezetz esan genion erraustegiari. Orduan, hauxe udal gobernuak adierazitako konpromisoa: “Usurbilgo Udalak jaso du herriaren hitza. Eta, herri borondatearen ordezkari gisa, erraustegiaren mamua haizatzen dutenen aurrean, herriaren hitza errespetatzen eta errespetarazten saiatuko gara. Hala egitea dagokigu, sinesmenez eta koherentziaz. Eta hala egingo dugu.”
Baina, inori ezer galdetu gabe, herria informatu gabe, isilka, ezkutuan, erraustegira errefusa eramaten hasi da. Hobeto esanda, badarama ia urte bat horretan. Gertatzen ari denaren berri, arduradun publiko guztiek eman behar dute. Ez dakigu zer kalifikazio jarri jokabide honi. Sinadurak biltzen aritu garen egun horietan, Usurbilgo udala erraustegira hondakinak eramaten ari zela usurbildarrei esaten genienean, “aho bete hortz” gelditzen ziren herritar asko. “Etzaidazu esan”, “ez da egia izango” eta halakoak adierazi dizkigute.
Gure hondakin errefusa erraustegiko labeetara ez eramateko eskatzen diogu sinatzaileok Usurbilgo udalari. Hain zuzen, Usurbilgo udalak 2017ko udal plenoan onartu zuen “Usurbilgo hondakinen prebentzio eta kudeaketa programan” jasota dagoen “0 hondakin desmaterializatu edo erraustu” konpromisoa betetzeko eskaria egiten diogu. Gardentasunaren izenean politika horizontalen aldeko mezuak saltzen zaizkigun garaiotan, justu horren kontrako norabidean doan erabakia hartu du udalak.
Erraustegiaren aurka egote hutsak ez gaitu erraustegia gelditzera eramango. Are gutxiago erraustegira hondakinak erretzera eramaten baditugu. Gaikako bilketan lortzen duen mailak erreferente egiten du herri hau, baina horrek ez du zuritzen erraustegira erregaia eramateko kontraesana. Errealitate berriak sortzeko alternatibak praktikan jarri behar izaten dira. Ez da biderik errazena, noski, baina horrela jokatu genuelako daukagu gaikako bilketan bikaintasuna lortzen duen Atez Ateko bilketa. Herriari azaldu, adostu, ekin eta egin genuelako da errealitatea Atez Ateko gaikako bilketa Usurbilen. Zergatik ez da bide berdina egiten sortzen dugun hondakin errefusaren tratamendurako alternatiba bat adostu eta abian jartzeko?.
2018ko maiatzean, hondakinen kudeaketarako HOBEKIren pritzipioen dekalogoa onartu zuen Usurbilgo udal plenoak. Horietako batek honela dio: “Herritarrak ahalduntzeak eskatzen du, batetik, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera ematea, bigarrenik, hondakin horiekin hasieratik bukaerara zer egiten den garbi azaltzea, eta, hirugarrenik, erabakietan parte hartzeko aukera ematea.” Ikusten denez, printzipio honetaz ere ahaztu da Usurbilgo udal gobernua, erraustegira hondakin errefusa erretzera eramateko erabakian ez baitu herritarren parte hartzeko aukerarik eman.
Azken lau hilabeteotan kalean sinadurak biltzen aritu gara, udalari bi eskari zehatz egiteko:
1.- EZ ERAMAN nire errefusa hondakinak Zubietako erraustegiko labeetan erretzera.
2.- Zaborren tasa bidez nik udalari ordaindutako dirua, EZ ERABILI erraustegia finantzatzeko.
Dagoeneko eskari hauek babesten dituzten herritarren sinadurak Usurbilgo udalaren esku jarri ditugu, eta orain, erantzunaren zain gelditzen gara.
Errausketaren Aurkako Mugimendua
Usurbilgo Taldea