Euskal Herriak urteko zozketa nagusia, sarritan aldapatsua suertatu den urtarrilean ospatzen du; Gure Eskuren Tripontziaz ari gara. Astelehen eguerdi honetan egin dute zozketa. Azken hilabeteotan erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak Usurbilen duen herritarren batzordeari zozketarako txartelak erosi badizkiozue adi; sariak banatu dituzte eta:
Lehen saria:
30.000 euro zenbaki eta "Diaspora" serie irabazlearentzat.
Zenbaki saritua: 20.282.
Non saldua: Bizkaiko Muxikan.
Bigarren saria:
2.000X7 zenbaki bereko gainerako zazpi serie irabazleetako bakoitzarentzat.
Zenbaki saritua: 20.282.
Non saldua: Bizkaiko Muxikan.
Hirugarren saria:
1.000X8 bigarren zenbaki saridunaren zortzi serie irabazleetako bakoitzarentzat.
Zenbaki saritua: 13.402.
Non saldua: Beasainen (Gipuzkoa). Hango ikastolako kideek saldu dute.
Euskal kulturgintza laguntzera
Tripontzia zozketarako txartelak erosi dituztenek, komiki digitala eskuartean izateko kodea ere eskuratu dute. Eta ekimen honetan parte hartuta gainera, euskal kulturgintza lagundu dute baita. Hain zuzen bide honetatik jasotako laguntzaren zati bat, "euskal kulturgintza ikuspegi estrategiko batetik sustatzeko proiektu batera bideratuko du" Gure Eskuk. Xehetasun gehiago ere eskaini dituzte. "Kultur ekosistemako hainbat eragileren arteko elkarlanean oinarritzen da aipatu egitasmoa, eta garatze bidean dagoenez, aurrerago eman ahal izango da xehetasun gehiago".
Tripontzia zozketako txartelak salduz jasotako gainerako laguntza ekonomikoa, "Hamaika Gara" egitasmora bideratuko du Gure Eskuk; erreferendumaren alde abiatu duen sinadura bilketa kanpaina masibora hain zuzen. Gogoan izan, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiatu du Gure Eskuk hamaikagara.eus atariaren bidez. “Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da ‘Hamaika Gara’ egitasmoa”. Horretarako zabaldu du Gure Eskuk hamaikagara.eus ataria. Bertan aurkituko dituzue kanpainaren xehetasunak eta albiste honetan duzuen manifestua.
HAMAIKA GARA, ERREFERENDUMAREN ALDE
Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posible egingo dugu. Bidea hasia dugu eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak.
Bizitza duina nahi dugu denontzat, eta ezinbestekoa dugu, beraz, bizitza erdigunean jartzea, eta zaintza lanak modu orekatuan berrantolatzea, pertsonen arteko harremanak eta lurrarekin eta gainerako animaliekin ditugunak eraldatzea. Justizia soziala iparrorratz, ekonomia herritarron beharren arabera antolatu nahi dugu, enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu. Gure etorkizun politikoa eraikitzea gure ardura da, eta hemen erabaki behar dugu.
Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo hizkuntza. Inor ez da ilegala; eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu. Zentzu horretan, emakumerik gabeko erabaki guneek ez dute zilegitasunik.
Erabakiak geroz eta gutxiagoren artean hartzen dituztenak daude balantzaren alde batean; eta guk herritarron indarra jarri behar dugu bestean. Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu. Izan ere, komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du, herritarrok erabakitzea baita gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza. Elkarrekin erabakitzeak egiten gaitu herri.
Herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Gure lurraldearen estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko aukera izan nahi dugu. Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu.
Ez dugu edozein modutan erabaki nahi, oinarri batzuen baitan baizik: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz, eta aukera politiko guztiei bide emanez. Erabaki nahi dugu, betiere, guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu eta zabaltzeko baldin bada, eta inoiz ez horiek murrizteko edo gutxiengoen aurka egiteko. Funtsezkoa da elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztien oinarri izatea, denok parte izan gaitezen.
Urrats eraginkorrak egiteko unea da, eta eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea. Denok dugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete dezake berea. Guztion ardura da. Eta herritarrok martxan gara.
Informazio gehiago:
tripontzia.eus
hamaikagara.eus
gureeesku.eus