Abisu horian haizeagatik egunotan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 19a, 08:01

80-100 kilometro orduko haize boladak espero dira hurrengo orduotan, haizeguneetan bereziki.

Haize boladengatik abisu horian izango gara egunotan; astearte iluntzeko 21:00etan hasita. Astearte gau honetan, "hego-osagaiko haize-boladek 100 km orduko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan". Bihar (urtarrilak 20) 18:00ak arte 100 kilometro ordutik gorako haize boladak espero dira haizeguneetan, bereziki "mendi inguruetan eta egunaren lehen partean". 12:00ak arte orduko 80 kilometrotik gorako haize boladak izan ditzakegu haizeguneak ez diren tokietan, "bereziki Gipuzkoa ekialdean, non orduko 90 kilometro ordu ingurukoak izan daitezkeen".

Ostegunean (urtarrilak 21), goizeko 9:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte ere abisu horian izango gara haizeagatik. orduko 100 kilometrotik gorako boladak espero dira haizeguneetan, 80 kilometro orduko ingurukoak haizeguneak ez diren zonaldeetan.

Gainerakoan giro eguzkitsua espero da datozen orduotarako. Astearte honetan Usurbilen, "goizean eguzkitsu egongo da, arratsalde-gau partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituz joango dira. Hego-haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Bihar (hilak 20), "zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi. Noizbehinka euria egin lezake. Hego-haize bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus