“Michelinek hutsik duen lur eremuan kokatuko dira Elkar eta Gureak-en egoitza nagusiak, Urbil merkatalgunearen parean. Etorkizuneko proiektua gauzatze bidean, urrats garrantzitsua eman zuen udalbatzak uztailaren 24ko osoko bilkuran. Usurbilgo Udala, Gureak eta Elkarren arteko hirigintza hitzarmena hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez. Hitzarmen honi esker, Michelinek Zapategi eremuan libre utzitako 43.881,09 metro karratuko gunea erosiko dute eta bertan kokatuko dira”. Hala jaso genuen noaua.eus web orrialdean, 2018ko irailaren 4an. Argazkia 2018ko urriaren 17koa da, hirigintza-hitzarmena sinatu zen egunekoa.
Dirudienez, gaiak beste norabide bat hartu du. Usurbilgo EAJ udal taldeak gaur aditzera eman duenez, Elkar Fundazioak atzera egin du. Zer gertatu ote den jakin asmoz, eskaera bat erregistratu du udaletxean. “2018ko urrian Artzabalen sinatutako hirigintza-hitzarmenari esker, Gureak eta Elkar Fundazioa enpresak Usurbilera zetoztela zabaldu zuen lau haizetara Usurbilgo udal gobernuak”, dio EAJk prentsa-ohar bidez. “Eta ez zen gutxiagorako. Izan ere, Michelin lantegi ondoan hutsik dauden 70.000 m2etatik ia erdia hartzeko prestutasuna azaldu baitzuten bi enpresek”.
Garai hartan Xabier Arregi zen alkatea eta orduan esandakoak ekarri ditu gogora EAJk: “Sekulako garrantzia duen jarduera ekonomiko bat bertara ekartzea goaz. 950 lanpostu ekarriko ditugu Usurbila. Horrek duen dimentsioa sekulakoa da, eta hirigintza moderno eta jasangarriaren adibide bat garatu nahi zela ere azaldu zuen. Atzerapenik ezean, 2022an errealitate bat izan zitekeela”.
"Harri eta zur geratu gara"
Alderdi jeltzalearen esanetan, gauzak asko aldatu dira azken hilabeteotan. “Orduko hitz polit eta itxaropentsuetatik gaur egungo errealitatera, badirudi gauzak asko aldatu direla”. EAJk jakin duenez, Elkar Fundazioak atzera egin du eta egoitza berria ez dute Usurbilgo lurretara etorriko: “Gure taldean, herrian bezala, harri eta zur geratu gara, Elkar ez datorrela jakin dugunean”. Kanpotik iritsi zaiela albistea ohartarazi du alderdi jeltzaleak, “eta ez udal gobernuaren bidez. Beraz, Usurbilgo EAJren izenean azalpenak eskatzen dizkiogu EHBilduk osatzen duen udal gobernuari eta usurbildar guztiok merezi ditugun argitasunak eman ditzala”. Esan dezatela, besteak beste, “zergatik egin duen atzera Elkar Fundazioak eta ba ote dakien beste inora joango ote diren”. Eta horretaz gain, “Elkarren erabakian zer nolako ardura izan du Usurbilgo udal gobernuak?”.
"Gureak-ekin zer gertatuko da?"
Akordioaren parte zen Gureak ere. Biek, Gureak eta Elkarrek Michelingo orube abandonatuan eraiki behar zituzten egoitza berriak. Honi lotuta ere badator EAJren azken galdera, “ zer gertatuko da orain Gureak enpresarekin sinatutako hitzarmenarekin?”.