Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" beka deialdiko eskabideak aurkezteko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 09:37

Udalbiltzak abiarazitako beka deialdia da "Geuretik Sortuak", sortzaileei zuzendurikoa. Eskabideak gaurtik (urtarrilak 20) eta otsailaren 5era arte aurkeztu ahalko dituzte interesdunek. Egitasmoarekin bat egin du Usurbilek. 

Otsailaren 5era arteko epea izango dute herriko zinemagile, antzerki konpainia eta idazleek proposamenak aurkezteko. Euskal artisten sormena eta euskal herrietako historia eta idiosinkrasia uztartzea du helburu proiektuak, euskarazko artea sortu eta heda dadin.

Udalbiltza Partzuergoak egindako deialdia da "Geuretik Sortuak", euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko proiektua: literatura, antzerkia eta zinema lanak sortzeko bekak banatuko dituzte, hain justu.

Tokian tokiko istorioak hizpide
Udalbiltzako kide diren 22- 25 herriek parte hartuko dute proiektuan (tartean, Usurbilek), eta beste hainbeste proposamen hautatuko dituzte guztien artean, bakoitzak berea ez den herrian egonaldia egin dezan. Parte hartu duten herri guztiak saretuko dituen aurkezpen zirkuitu bat osatuko dute sortutako lanekin. Sormen beka deialdiaren oinarriak udalbiltza.eus web orrialdean kontsulta daitezke. Tokian tokiko istorio batean oinarritutako kontakizun artelanak sortuko dituzte artistek, beti ere, euskaraz. Horretarako, kulturgileek hiru asteko egonaldiak egingo dituzte esleitutako herrietan, herriko istorioak eta pertsonak ezagutu eta proiektua landu ahal izateko.

Egonaldian sortutako gastuak; dietak, ostatua, garraioa eta otorduak ere ordainduko zaizkie, bekaren kopuruaz gain. Diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira, eskabideak alderatuz haien arteko hurrenkera bat ezartzeko. Aurkeztutako proposamenek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte beka eskuratu ahal izateko.

Arte diziplina bakoitzeko, lanak amaitzeko epe bat ezarri dute: eleberri motza edo ipuina 2021eko irailaren 17a, antzezlana 2022ko urtarrilaren 28a eta film laburra (postprodukzioa barne) 2021eko azaroaren 26a.

Parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko bi bide izango dituzte. Batetik, Udalbiltzaren erregistroan, Oiartzungo Udalean dago erregistroa, Doneztebe Plazako 1 zenbakian; eta, bestetik, posta elektronikoz, udalbiltza@udalbiltza.eus helbidera idatzita.

Informazio gehiago, urtarrilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.