Eskualde mailako elkarretaratzea, egunotan epaituko dituzte bi gazte arabar aske uztea eskatzeko

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 13:30

Espainiako Auzitegi Nazionalak ostegun eta ostiralean (urtarrilak 21-22) epaituko dituen bi gazte arabar aske uztea eskatu eta bizitzen ari diren prozesua salatzeko eskualde mailako elkarretaratzea deitu du Ernaik ostegunean Hernanin. Usurbildik hara joateko deia egin du gazte antolakundeak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak epaituko ditu urtarrilaren 21ean eta 22an, ostegun eta ostiral honetan. 2019ko otsailean Ertzaintzak bi gazteok atxilotu zituen aipatu auzitegiaren aginduz; 2018an aurkitutako bidoi batekin lotu zituzten gazteok. Bidoi honek ustez etxean egindako lehergailuak ekoizteko. Espetxean sartu zituzten eta espetxean igaro zituzten lau hilabete baino gehiago. 

Hiru urte beranduago epaituko dituzte orain. Fiskaltzak zortzina urteko espetxe zigorra eskatu du bientzat eta zaintzapean aske izatea beste zazpi urtez. "Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea" egozten diete. Bi gazte hauek libre uztea eskatzeko "Ankerkeriari stop! Aitor eta Galder aske" herri plataforma osatu dute. Epaiketa honek konponbidearen bidea oztopatzen duela salatu dute asteotan. Kafkiartzat definitu duten prozesu honen helburua, salbuespenezko kartzela zigor luzeak ezartzea dela ohartarazi dute.

Usurbildik mobilizatzera joateko deia
Prozesua bera salatu eta gazte hauek libre uztea eskatzeko eskualde mailako elkarretaratzea deitu du Ernaik ostegunean (urtarrilak 21) 19:00etan Hernaniko Gudarien plazan, "Aitor eta Galder aske! Euskal gazteria aurrera!" aldarripean.

Usurbildik mobilizazio honetara joateko deia egin du Ernaik; ostegun arratsaldeko 18:30etan Oiardo Kiroldegitik kotxez abiatzeko hitzordua finkatu du gazte antolakundeak. "Ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko! Galder eta Aitor aske! Batu deialdietara", deitu du Usurbilgo Ernaik.